Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskal enpresarik hedatuenetakoaren ahalak, hamabi hizkuntzatan

Euskal enpresarik hedatuenetakoaren ahalak, hamabi hizkuntzatan

Amatiño 2014/12/13 16:25
“EGA Master kasuaren metodoa” deritzan saiakera iazko abenduan plazaratu zen, Bilbon, euskaraz zein gaztelaniaz. Geroztik beste hamar hizkuntzatan argitaratu da eta hamabi argitalpenon aurkezpen bateratua egin du Deusto Business School negozio-eskolak Madrilgo egoitzan.

Orain dela ozta-ozta urtebete aurkeztu zen, Deustuko Unibertsitatean, “EGA Master kasuaren metodoa” saiakera non munduko esku-erreminta fabrikatzailerik zabalduenetakoa den euskal enpresa honen nondik norakoa laburbiltzen den eta haren arrakastaren oinarriak eta zutabeak jakinerazten.

Bizpahiru urtetan Luis Aranberrik moldatutako saiakerak Deusto Business School negozio-eskolaren onespena jaso zuen eta baita beronen “praktika onetako” sail berriaren barrena babespean hartu eta argitaratu ere, euskaraz eta gaztelaniaz.

Ondoko hamabi hilabetetan beste hamar hizkuntzatan argitaratu da (ingelesez, frantsesez, portugaleraz, italieraz, alemanez, errusieraz, arabieraz, hebraieraz, txineraz eta japonieraz, alegia) eta hamabi argitalpenon aurkezpen bateratua egin zen aurreko ostegunean, Madrilen, Deusto Business School-ek berak espainiar hiriburuan duen egoitzan.

Iñaki Garmendia eibartarrak (Otxandion jaioa) sortu zuen EGA Master 1990an, Gasteizen, eta hogeita bost urte geroago enpresarik aitzindarienetakoa da fabrikazio-moldeetan, ikerkuntzan zein garapenean, eraberrikuntzan, langileen konpromisoan eta bezeroekiko harremanetan. Hau guztia gutxi bailitzan, euskal enpresen artean nekez konpondu izan den arazoari ere, belaunaldi arteko jarraipenari alegia, erantzun egokia ematen asmatu du.

EGA Masterrek bere koizpenaren %90 esportatzen du, bost kontinenteetako 150 herrialdetan zehar, eta %40, berriz, Afrikan, Asian eta Hego Ameriketan suspertzear dauden herrialdeetan. Merkatu hasiberri hauetako enpresarik gehienak familiarrak dira eta, EGA Master ere familiarra denez gero, liburu hau prestatu nahi izan da munduan barrena, oro har, eta enpresa familiarren artean, bereziki, euskal enpresaren sorrera, ideologia, egitura, ahalak eta zerbitzuak zertan diren lau haizetara zabaltzeko.

Liburu-azalak

Hamar berrietako zortziren azalak, portugaleraz, txineraz, alemanieraz, arabieraz, ingelesez, japonieraz, frantsesez eta errusieraz

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: