Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Nevadako euskal artzainik ezagunena

Nevadako euskal artzainik ezagunena

Amatiño 2023/09/29 15:45
Aurreko astelehenean, hilak 25, ehun urte bete ziren Kalifornian jaio zela Robert Laxalt, Ipar Ameriketako euskal diasporaren literatura-aitzindaria. Hamazazpi liburu idatzi zituen baina denetatik ospetsuena, “Sweet Promised Land” (1957)*. Aita zuen Dominique zuberotarra eta, haren bizitzaren ildotik, Mendebalde Urruneko euskal artzainen nondik norakoa estreinako ezagutarazi zuen.
Nevadako euskal artzainik ezagunena

Dominique Laxalt, 1920 urte inguruan

Basabürüa eskualdean jaioa (Liginaga, 1886  - Carson City, 1971) Dominique Laxaltek 18 urte besterik ez zituen 1904ean Nevadara iritsi zenean eta, ondoko 24 urteetan, Thèrese Alpetche (Baigorri, 1891)  baxenafarrarekin ezkondu, elkarrekin sei seme-alaba izan (Paul Dominique, Robert Peter, Suzanne Marie, Jonh Maurice, Marie Aurelie eta Peter Dominique) eta 20.000 ardi besteko arrantxo galantaren jabe izatera heldu ziren.

1929ko krisialdi hotsandikoaren gainbeherakadaz, berriz, Thèresek ostatua ireki behar izan zuen eta Dominique umetatik ikasitako artzaintza bakarti eta isilari atxiki zitzaion Nevadako mendi galdu eta idorretan, herriko ostatu-etxean geratu zen familiarengandik aparte samar, ezinbestez.

Beti jaiotetxera itzultzeko asmoz, beti Zuberoara joateko gogoz, 65 urte-edo bete zituelarik, azkenik Liginagara bihurtu zen Dominique,  Robert semea lagun zeramala. Ez zuen, ordea, "iguriki" zuen Xibero eztitsurik aurkitu. Hiru hilabete inguru geroago, Nevadara itzuli zen berriro, noizbaiteko sorterri gozoa atzerri arrotz bilakatu zitzaiola iritzita.

Mende erdiaren bueltan, amets-herritik errealitate-herrirako joan-etorria egin ostean, eta aitarekin hainbat hilabetez elkarren alboan bizi ondoren, Robert Laxaltek burutu zuen “Sweet Promise Land” delakoa, non kontaerarik xume, arrunt eta bakunenaz garatzen duen aitaren bizitza apal eta lañoaren miraria.

Agian ezustean, baina aita zena eta ordezkatzen zuena baliatuz,  Robert Laxaltek Ameriketara iritsitako etorkin ororen esperientzia latza jaso eta islatu zuen. Baita  artzainen adorea suspertu ere, abeltzainekiko liskarrek oraindik zirauten garai hartan. Aldi berean,  ordu arte onetsiegiak ez ziren euskaldunak jarri zituen Mendebalde Urruneko gizartearen mapan (1), eta, besteak beste, gutxiengo guztiei zor zaien begirunea aldarrikatu.

“Sweet Promise Land” ez zen Robert Laxalten lehen nobela izan, baina bai idazle gisa merkatuan ezagutarazi zuena. Geroztik etorri ziren idazlanen artean denetarik idatzi zuen, baina aipagarri, euskarazko bertsioak: "Dominique, artzain xiberotar bat Nevadan" eta “Kafea hartzen Iruñean”. Gaztelaniaz, “Dulce tierra prometida" zein "The Basque Hotel. Nacido en América”, eta frantsesez, berriz, “Mon père etait berger”.

Aipagarri ere, Josu Veneroren  "Basque Hotel" dokumentala, Bernando Atxaga, Asun Garikano, Joseba Zulaika eta Kirmen Uriberen laguntzaz.  

Robert Laxalt zena sakonen aztertu dutenetakoa David Rio Raigadas EHUeko irakaslea da: ”Robert Laxalt; pionero literario de la diáspora vasca en el Oeste americano" (2).

---oo0oo---

(1) Ondotik etorriko ziren lehen euskal jaien ospakizunak, Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketak, Euskal Artzainaren omenez eraikitako oroigarria, Paul Laxalt senatariaren ospea etab. 

(2) "Robert Laxalt. La voz de los vascos en la literatura norteamericana". Gorka Aulestia

Dominique eta Robert Laxalt
Dominique eta Robert Laxalt aita-semeak, 1960ko hamarkadaren amaiera aldera.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: