Euskal arazoa, aginte arazoa
Euskal herritarren autogobernu auziaren bilakeraz (1793-1919): Foruen bidezko erakundetzetik Autonomia Estatutura delako xedea du Joseba Agirreazkuenagaren Euskal herritarren burujabetza saiakerak (Alberdania, 2012). Saiakera mamitsua (Bilboko Udalaren Miguel de Unamuno XII. Saria), euskaraz, euskal arazoa eta euskara aldarrikatzen dituztenen %99k sekula irakurriko ez dutena.
Agirreazkuenaga katedradunaren tesiaren ildotik “euskal autogobernuaren auzia ez da gaurkoa eta oinarri konstituzionala du”. Baina, jakina, “oinarri konstituzionala esaten dugunean, garaian garaiko konstituzioa zer zen argitu beharko genuke”.
Eta argitzen ahalegintzen zaigu Geografian eta Historian doktorea dena: “Euskal Erkidegoa sortzeko borondate politikoa 1793an egonkortu zen <…> Espainiar Konstituzioak XIX. eta XX. mendeetan zehar egin dira. Garai guztietan, Euskal herrialdeetako ordezkaritzazko erakunde publikoetan autogobernua izateko eta garatzeko borondatea ageri da. Euskal aginte publikoa arautzeko proiektuen jatorrizko legitimitatea bi iturburutan datzan: Euskal Batzar Nagusietan eta Espainiako Legebiltzarrean<…> Laburbilduz, Konstituzio forala iraganeko gaia izatetik urrun, 200 urte indarrean egon den kode eta erreferentzia politikoa eta juridikoa dugu <…> 1839 urriaren 25eko legea onartu zuenean, Espainiako Parlamentuak bi konstituzioen arteko uztartze prozesua erabaki zuen”.
Irakasle eta azterlari honen metodologiaz: “Gure gizartean iraganak bere grabitazio indarra erakusten du. Azken batean, erakundeak kate begiz loturik daude. Ez dira, denboratik at baleude bezala, elementu isolatuak. Horregatik, ezinbestekoa dugu euskal erakundeen kate begiak zeintzuk izan diren ezagutzea <…> autogobernuaren inguruko zientzia politiko eta juridikoetan aurrera pauso berriak sortzeko, bilakaera historikoa zein den argi eta garbi erakutsi behar da. Ezin dugu da gaurko ikuspegia iraganera proiektatu edo halabeharrezko aurrekariak asmatu”.
Egilearen ustez “euskal historiografia eta zuzenbidea aberasten ari da eta premiazkoa dela deritzogu euskal saiakeren bidez autogobernuaren auzia euskaraz birpentsatzeko ahaleginari”.
Bapo. Orain irakurleak besterik ez dira falta.