Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskadik “champions league”n jokatu

Euskadik “champions league”n jokatu

Amatiño 2010/02/01 23:34
Ez da gero erraz jakitea zein mailatan jokatzen duen Euskadik nazioarteko merkatuan. Segurutik gure ikerlariak dezente onak dira, poetak parebakok eta kirolariak apartekoak baina, esanak esan, “champions league”n jokatzen duten euskaldun bakarrak enpresak dira.

Hamarrekin hamaikarekin baino hobeto jokatzen da esan omen zuen Helenio Herrerak jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan zuen  taldearen aurka galdu ostean. Auskalo jakitunaren zentzuzko esaldia ala galtzailearen erdipurdiko aitzakia izan ote zen baina, behar bada, produktibitatea asmatu aurreko produktibitate-definiziotzat har genezakeen.

Produktibitatea

Lanorduetan aspergarri bezain amorragarri gertatu ohi da sarri telefono-zenbakiren batera deitu eta, jo eta jo zain egon behar izana noiz beste aldean halakoren batean norbaitek ihardetsiko. Edozenbat enpresa –eta Administrazio Publikoa zer esanik ez— arras geldo jardun izaten dira telefonoz erantzuteko zorian. Dezente ezaguna den euskal enpresa batek, ordea, arazo hau nolabait konpondu nahirik, bere barne-antolaketari ezarri dio telefono-deiek hirugarren txirrina jo aurretik erantzuteko erronka. Duela hainbat urte jarri zuen sistema indarrean eta gaur egun ez du sekula hutsik egiten. Bertara telefonoz deitu bai eta, aurrenengo txirrinean ez bada bigarrenak jo bezain laster, beti erantzuten du norbaitek hirugarrena entzun aurretik. Ez da inoiz –inoiz gero-- hirugarrenak noiz joko zain egon beharrik. Zertan ote soluzioa?

Zenbaitek besterik uste izan arren, soluzioa ez da izan telefonista gehiago jartzea, zegoen bakarra kentzea baino. Honela, kanpoko deiek hogei inguru bulegolari elkarrekin lanean ari diren telefonoetan jotzen du eta hogeietarik bizkorrenak edo askeenak hartzen du eta kitto. Edonork hartu dezake baina, beti ere, hirugarren txirrina jo aurretik. Hori da benetako zerbitzu lasterra, bezeroari ahalik eta bizkorren jaramonik egitea,  eta gainontzeko guztiak esne-berbak baino ez dira.

Txikiak handia jan

Euskal multinazional batek bi mila behargineko enpresa garaua erosi berri du Mosku inguruan. Bere arloan Errusiako handienetakoa omen da eta, bertako merkatuaren baitan jaun eta jabe izan arren, etekinak lortu ezinik maldan behera doana. Multinazional berberak sektore bereko beste enpresa bat du Gipuzkoan, ehun langile baino gutxiagorekin Errusiakoak bezainbat fakturatzen  duena.

Zalantzarik ez gero langile errusiarrak ez direna euskaldunak baino mozoloagoak. Batere zalantzarik ez, hango lanpostuak hemengoak baina zatia merkeagoak direna, baita lehengaiak eta energia-kostuak murritzagoak ere eta, horrez gainera, esan gabe doa Errusiaren oinarrizko merkatu naturala euskal enpresarena baino arras handiago dela. Baina, hain zuzen ere, lehengai, energia eta lan-kostu garestiagoez ekoiztu behar izanak eta mundu zabaleko merkatuan lehiakorrak izan nahiak derrigortu dute gure Gipuzkoako enpresa hau bere produktibitatea ikaragarri areagotzera.

Ez da erraz jakitea zein mailatan jokatzen duen Euskadik nazioarteko merkatuan. Segurutik gure ikerlariak dezente onak dira, poetak paregabeak eta kirolariak apartekoak  baina, esanak esan, “champions league”n jokatzen duten euskaldun bakarrak enpresak dira.

 la-productividad1

Laugarrena, ezkerretik, burusoila omen

txerra
txerra dio:
2010/02/09 02:51

Oraintxe dute bada, lehen maila frogatzeko aukera. Haizeak popatik jotzen duenean erreza da aurrera egitea, brankatik jotzen duenean izan ohi dira kontuak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: