Euskadi Eguna
Telegrama gisa baino ez bada ere, gogora ditzagun oinarrizko abiapuntu bi, alegia:
-- Bat: berrogei urteko diktaduraren osteko aldarrikapenik nabarmenena izan zela galdutako herri-erakundeak berreskuratzea, autonomia-estatutua eta kontzertu ekonomikoa. Eta hiruak lortu genituela, oro har, 1979ko urriaren 25ean.
-- Bi: gaur egun indarrean dugun sistema (dezente ona) herri-erreferendum hartan onetsitako estatusari dariola.
Geroztik ez da gurean paradoxarik falta. Hogeita hamalau urte geroago, Gernikako Estatutuaren alde gehien ahalegindu zena, EAJ, bai-bainaka ari zaigu. Estatutua larregitzat jota kontra azaldu zena, PP, Gernikan bertan bildu zen, atzo, harako bekatu hura laudatzeko; eta txikerregitzat iritzita hiru hamarkadatan txispaz armaturik jardun duena berriz, ezker abertzalea, luzaroan uxatutako sistemaren kudeatzaileetakoa da orain. Nahaste-borraste honetan Alderdi Sozialista da, antza, gutxien mugitu dena.
Hala eta guztiz ere, Gernikako Estatutua ospatu –ala ez-- beharreko eztabaida honetan hutsaren hurrengo da, ene ustez, urriaren 25ean jai ala lan egin behar ote dugun. Nago, larriena ez ote den eztabaida berak erakusten, frogatzen eta salatzen duen gizarte bateraturik eza.
Ez dut uste beste ezein herritan batere normala denik lan-egutegia edo eguraldi-mapa hauteskunde emaitzen arabera aldatzea. Batere normala ez den bezalaxe futbol-selekzioarentzat jakineko izen ofizialik ez izatea, edo zein herritaz ari garen ere ez jakin arren, independentzia aldarrikatzea.
Txitean-pitean aipatu izaten ditugu Eskoziaren zein Kataluniaren ereduak, baina batak zein besteak erabat erabakiak dituzte --guk ez bezala-- aspalditxodanik lan-egutegia, eguraldi-mapa, kirol-selekzioa, nazio-izena eta aberri-mugak.
Alderdirik oinarrizkoenetan ere ez baldin bagatoz bat, zelan demontre adostuko ditugu ba helburuak?
EFE albiste-agentziaren aurtengo zorion-postala