Europar uretan 1.500 itsas-plataforma inguru daude
Bai. Bazterrak asaldatu dira kanariar uharteetan, bertako uretan egitekotan diren prospekzioak direla-eta. Auskalo petroliorik edo gasik aurkituko ote duten afrikar itsasalde horretan baina, baiezkotan, itsasgainean offshore plataformak egingo balira alegia, urtean zehar, isilik misilik, bertatik pasatzen diren 6.000 itsasontzi galantak baino dezente seguruagoak izango lirateke. Esanak esan, plataforma mugikorrak mugiezinak baino nabarmen arriskutsuagoak dira.
Europan mila eta bostehun inguru dira itsasoan barrena eraikitako gas- eta petrolio-instalazioak. Seirehunetik gora Norvegian, ia 500 Britainia Handian (gehienak Eskozian), 181 Herbeheretan, 121 Italian, 61 Danimarkan, 7 Errumanian eta bizpahiru bana Alemanian, Polonian, Grezian, Bulgarian eta beste hainbat herrialdetan… Denak ere segurtasun-neurririk zorrotzenen menpe. Baina, nonbait, Kanarietan ez dira fio Norvegian zein Europar Batasunean nahikotzat jotzen dituzten baldintza estuez.
Kanariarrek prospekzio soilak uxatu nahi omen dituzten bitartean, hona non bi hidrokarburo-enpresa handik eskatu duten baimena, Bizkaiko Golkoan miatzen hasteko. Berria zabaldu bezain laster piztu da kontrako jarrerarik nahiz, behingoz, Eusko Jaurlaritza hasiera beretik berehala agertu euskal itsasaldean aurkitu daitezkeen petrolio- edo gas-hobien alde. Euskal erakundeei ez dagokie, ez, baimena eman ahal izatea, baina bai, ordea, euren jarrera ahalik eta garbien adieraztea.
Ondo dago herrialde eskandinabiarren sozial-demokrazia txalotzea, baina bidezkoa litzateke, aldi berean, haien energia-estrategia ere gogoan hartzea. Ondo dago petrolioaren eragina aipatzea Eskoziaren ahalmenak aztertzerakoan baina, ez ahaztu gero, horretarako, aurrenik, petrolioa izan behar dela. Hau da, petrolioa “soinean” eraman, ez itsas-hondoan gordeta eduki.