Europar ingurumen-arauen paradoxa
Inork ez du zalantzan jartzen ingurumen-baldintzak bete behar direnik eta C02 isuriak murriztu behar ez direnik. Baina kontua zera da: Europako findegiak, Europar Batasunaren ingurumen-arauen kostuei eutsi ezinik, ez dira lehiakorrak eta itxi beharrean daude. Honezkero bederatzi itxi dira Europan eta hauetarik lau, Frantzian.
Bitartean, frantziar hiritarrek lehengo lepotik jarraitzen dute gasolina kontsumitzen, bertako gasolinarik ezean Asiatik inportatzen dute eta, ondorioz, gero eta gehiago dira Asian eraikitzen ari diren findegiak… inondik ere Europar Batasunaren ingurumen-eskabideak ezertarako gogoan hartuko ez dituzten findegiak, hain zuen.
Paradoxa zera da, Europar Batasunak ezarritako ingurumen-arau zorrotzek eragindako kostuei aurre egin ezinik, Frantziako findegiak itxi egiten dira. Eta Frantziako gasolina-eskabideari erantzuteko, Europar Batasunaren baldintzak betetzen ez dituzten findegi berriak abian jartzen dira Asian.
Ondorioz, Frantzian findegiak ixten dira, lanpostuak murriztu eta aberastasuna gutxitu, C02 isuriak urritu beharraren aitzakiaz. Aldi berean, Asian batere kontrolik gabeko findegiak irekitzen dira, hango lanpostuak eta aberastasuna gehitu eta mundu mailako C02 isuriak ugaldu, Europar Batasunaren ingurumen-kontzientzia handiari esker.
Paradoxa (hipokresia?) honek irtenbiderik ba al du?
1. Lehen eta behingoz Europar Batasunak aitortu beharko luke berak ezarritako ingurumen-eskakizunek, oso zorrotzak eta txalogarriak izan arren, mundu mailako C02 isuriak haziarazten dihardutela… europar ekonomia ahultzeaz gainera.
2. Segurutik Europar Batasunak ezin izango du Asiako findegien C02 isuriak kontrolatu. Baina kontrolatzerik izango al luke europar baldintzak betetzen ez dituzten findegien gasolinaren salmenta Europan? Teoriaz bai, baina ez du egiten, Europa oso irekia eta demokratikoa delako...eta ingurumen-zaintzaile amorratua, jakina!
Langileen protestak, TOTAL findegiaren (750 langile inguru) ixtea dela eta, Dunkerken