Europa irentsiko duen herensugea
Aurreko uztailaren 1ean, Xi Jinping Txinako Alderdi Komunistaren buruzagiak argi eta garbi adierazi zuen zein den bere ardurapeko Komite Zentralaren aldarri nagusia: “Txina zibilizazio handia izan da. Txina munduko liderra izan da. Txina mundu mailako potentzia handia izan da”. Eta, ondorioz, ezarri zuen, harro asko: “Kohesioa garrantzitsua da, gidaritza garrantzitsua da, eta gure guraria da munduko geopolitika teknologikoa buruzagitzea”.
Hau esateko, Xi Jinping ez zen, ohi duenez, mendebaldeko teknokrata gisa jantzi, Mao estiloko jakaz baizik. Diseinu txukunago eta dotoreagoz, behar bada, baina “Lemazain Handiaren” ildoari jarraiki: “Behar dugu marxismo-leninismoari atxiki, Mao Zedong-en pentsamendua eta Deng Xiaoping-en praktika geureganatu. Marxismoaren oinarriak Txinako errealitate zehatzarekin irmo elkartarazi".
Alderdi bakarraren ajea, jakineko zentsura, merkatu sasikapitalista eta herri gutxituen eskubideak gogoan hartu beharrik gabe, Txinaren botere militarra goretsi zuen eta hiritarren esku hartzea goraipatu: “1.400 milioi lagunez osatutako altzairu-hesiak defendituko du Txina”.
Tartean, aurtendanik, Txinak aurreneko postua kendu die Ameriketako Estatu Batuei teknologian, inteligentzia artifizialaren gaineko ikerkuntzan eta etorkizuneko industrian.
Aldi berean, Txina da munduko petrolio-inportatzailerik handiena, Afrikako zein Hego Ameriketako ‘commodity’en (balio erantsirik gabeko lehen produktuak) eroslerik sarriena, eta kontinente bateko nahiz besteko azpiegitura berrietako inbertsiogilerik oparoena.
Eta, bitartean, Europar Batasuna, Txinarekin nola jokatu asmatu ezinik. Alemaniari galdetu baino ez dago: nola arraio kolaboratu ez, merkaturik garauenarekin? Baina zelan demontre lagundu, ostera, lehiakiderik zorrotzenari?
Herensugea izan da, betidanik, Txinaren sinboloa. Hain zuzen ere, 2049 urtean, Txinako Herri Errepublikaren mendeurrena ospatze aldera, Europa irentsiko duen herensuge gorria, kolorearena kosmetika hutsa izango bada ere.