Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Europa Eguna

Europa Eguna

Amatiño 2013/05/10 00:10
“En un mundo dominado por entidades políticas y económicas de dimensiones continentales, las naciones de Europa no pueden tener esperanza de sobrevivir como unidades políticas o económicas independientes. Europa debe unirse no solamente para salvar la paz y la libertad de sus pueblos y para restaurar y desarrollar su bienestar material, sino también para reafirmar un cierto número de valores, hoy amenazados, que deben ser preservados y reanimados encarnándolos en una nueva estructura” (Brusela, 1948).

Paragrafoak 65 urte ditu. Europar Mugimenduen Nazioarteko Kontseiluak onartutako “europar politikaren hastapenetako” bat, aurrena hain zuzen ere. Bruselan izan zen bilera --Churchill, Spaak eta De Gasperi mahaiburu zirela-- eta 150 biltzarkideetako bat, Jose Antonio Agirre lehendakaria.

Maiatzak 9, Europa Eguna Europar Batasunean, Robert Schuman-en lehen adierazpenaren gomutagarri. Hirurogeitaka urte geroago, etsipen-kanpaiak jotzen ari diren bolada honetan, bada ahaztu ezinezko hainbat zertzelada:

 Aurreko ehun urteetan hiru gerra izugarri jasan zituen Europak bakean dirau 1945etik hona.

 Estatuen Europa da, bai, baina zail gero adieraztea munduko zein beste lekutan estaturik gabeko nazioek eta herriek duten Europar Batasunaren baitan besteko garapenik.

 Europar Batasuna osatzen duten 27 estatuok ez dira, agian, behar bezain ondo konpontzen, baina ez da inon 27 estatu elkarrekin batzeko gauza izan den beste egitasmorik.

 Europar estatuen arteko elkartasuna eta euren barruan lortutako gizarte-eskubideak ez dira segurutik nahi genituzkeen bezainbatekoak. Baina, oro har, beste inon aurki daitezkeenak baino nabarmen hobeak.

 Europar Batasunak azken sei hamarkadotan erdietsi duen ongizatea kinka larrian bide dago, baina honek ez du esangura, inondik ere, larrialdi hori Europar Batasunaren partaide izateari datxekiokeenik.

 Egungo Europa ez da, behar bada, nahi genukeen bezain aberatsa eta solidarioa, baina, antza, sartu gurarik ate joka ari diren estatuek uste bezain aberatsa eta solidarioa.

 Bai, egia da, egungo Batasunetik atera nahi omen duela zenbait estatuk. Daitekeena. Baina ezin gero esan atera nahi dutenik gizarte-eskubideen defentsan eta solidaritatearen izenean.

 Eta, euskal ikuspegitik… Europar Batasunetik atera? Nora joateko?

Adenauer

Europar Batasunaren "gurasoak": Konrad Adenauer, Alcide de Gasperi eta Robert Schuman

Mugalarien fruitua

Bada dioenik Europaren Batasuna mugalarien aldarria eta fruitua izan zela. Hau da, ez dela inondik ere ezustea Europar Batasunaren hiru eragilerik garrantzitsuenak mugaldean jaioak izana. Alegia, Robert Schuman, Alcide De Gasperi eta Konrad Adenauer.

Robert Schuman-en aita Frantziako Lorrenan sortua zen. Semea jaio orduko (1886), ordea, Alemania zen Lorrena. Frantzia, aldiz, 1918an. Berriro Alemania, 1940an. Eta, frantsesa, ostera ere, 1944tik aurrera.

Jakinekoa da De Gasperi Italiako presidentea izan zena, 1945tik 1953ra bitartean. Baina inork gutxik du gogoan Trentino-Adigen jaio zenez, herrialdea Austria zen garaian, 1911an diputatu izan zela Vienako legebiltzarrean.

Azkenik, Konrad Adenauer ere mugalaria, renaniarra. “Separatista” zenbaiten ustez eta alemaniar federalista gehienen iritziz.

jaime
jaime dio:
2013/05/10 15:25
Zutabe bikaina, benetan. Gaur egun, hirurogeita hamar urteak ahaztu ditugunok, europar batasunari buruzko iritzi zuzena, eskarmentuan oinarritua, eman dezakegula, uste dut. Izan ere, gerra ostekoak bizi genituenok -Euskal Herrian izan genuena, Frantzian Bigarren Munduko Gerrak utzitakoa gero- ongi dakigu, jakin, zer den norberak eskumenean dituen txokoko baliabide mugatuak erabiltzea. Europar Batasunak, horretan ez dago dudarik, gozatu zuen europarren bizitza eta, lehenengo aldiz, Batasunako biztanle gehiengoek ezagutu genuen zer zen erosotasun eta segurtasunaz bizi izatea.
jaime
jaime dio:
2013/05/11 00:36
XX.mendeko lehenengo hamarkadak XIX. mendearen oinordekoak izan ziren eta halaxe zen garai haietako bizimodua. Gaurko gazteriak XIX. mendeko bizitza nolakoa zen Europan jakin nahi izatekotan irakur ditzala Jack Londonek idatzitako “Le peuple de l´abîme” (amildegiko herria) edota Victor Hugoren “Miserableak” London eta Frantzian, girotutako eleberri dramatikoak eta konturatuko da Europako Herri Xumea ez zela Indiako “parien” enda edo kastakoak baino zoriontsuago. Beraz, jarraitu europarrak izateari, baina, Auster jaunak proposatzen duenez: MERKATU GLOBALARI BAI BAINA JUSTIZIA GLOBALARI ERE
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: