Europa, bertatik bertara
Harrigarri da gero, arrazoi batez zein bestez, zein zail suertatzen diren sarri, berez edo logika hutsez erraz asko gatzatu beharko luketen egitasmoak. Izan ere, zein beste alternatiba geoestrategikorik izan dezakete Akitaniak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak, elkarrekiko sinergiak areagotu baino? Segurutik Europar Batasuna ez da kristoren panazea baina… zer arraio egin Europar Batasunari bizkar emanez gero? Edo, beste modu batez esanda, Europari muzin egitekotan, zeri amore eman?
Nonbait ahaztu nahi dugu, edo ez dugu ikasi nahi, Europar Batasunaren oinarri oinarrizko lehen proiektua barne-mugetako herrialdeetan jaiotako pentsalarien ideia izan zela. “Historiaren zauriak” jasan behar izan zituzten herrialdeetako buruzagi politikoen etorkizun-erronka.
Robert Schuman, Alcide Di Gasperi eta Konrad Adenauer, Europar Batasunaren hiru arbaso nagusi edo lehen aita pontekoak, hiruak ziren muga-gizonak. Schuman, lorrenarra, alemaniar jaio zen eta frantses hil, bizitzan zehar lehenik frantsez eta gero alemaniar izan ostean. Trentino-Adigeko Di Gasperi Austriako legebiltzarkide izan zen gaztetan eta Italiako presidente, ostera, nagusitan. Eta Adenauer, berriz, erdipurdiko alemaniarra nonbait, lehen eta behingoz renaniar gisa hitzegin ohi zuenez gero.
Auskalo Algarven edo Clermont-Ferranden erraza ala zaila ote den nork bere burua europarzaletzat jotzea, baina… Baztanen?