Etxetik kanpo
Gipuzkoako Aldundiaren programa zehatzari bagagozkio, 21 bisita proposatzen dira beste hainbat herritan barrena, eta horietako bat Usurbilgo “klasikoa”. Klasikoa diot, gutxienez sei-zazpi urte baitira Usurbilgo Udalak ekin ziola bisitaldi honi herriko eskulturetan barrena, tokian tokiko zenbait artistaren lanak nabarmentzeko eta, bide batez, azken 50 urteotako historiaren hainbat pasarte kontatzeko.
Usurbilen, artistarik azpimarratzekotan, Zumetatarrak dira zalantza izpirik gabe bereizgarrienetakoak, benetan nabarmenak dira-eta 1973an Jose Luis Zumetak berak zeramikaz egindako horma-irudia; berorren aparteko estudio zoragarria, Txikierdi auzoan; eta alabak, Usoa Zumetak, egoitza berean duen serigrafía-lantegia, hamaika euskal artistaren konfiantzaz jabetzeko besteko kalitateaz.
Baina ez da, horratik, zumetatarren emaitzaz ahitzen Usurbilgo ondarea. Horra, bestela, Udarregi bertsolariaren omenez Remigio Mendiburuk egindako (1966) oroitarria (bertsoak gogoratzeko erabili ohi zuen marra-sistema eta guzti); Mikel Laboaren plazan Juan Jose Arangurenek kokatutako Ikimilikiliklik deritzona; Alejandro Tapiaren zuzendaritzapean 1980ko hamarkadaren hasieran marraztutako mural zentsuratua; Gotzon Huegun lasartearraren “Sagardoaren monumentua” eta, han-hemenka barreiatuak, Karlos Zabala “Arrastalu”ren monigoteak.
Jose Luis Zumetaren zeramikazko horma-irudia (1973)
Zumeta aita-alaben estudioa, UsurbilgoTxikierdi auzoan
Zumetaren hainbat margo, Txikierdiko galerian
Zumeta, Irunen
Eta Zumetaz ari garenez gero, aipagarri benetan, Irungo Menchu Gal aretoan, egunotan ikusi daitekeen erakusketa.
Pinturaz ez ezik, 1970eko hamarkadan poesiaz zein kantagintzaz Euskal Herrian gertatu zen hainbat zertzelada ulertzeko, ardatzetako bat da, segurutik, Jose Luis Zumetaren ildoa.
Zumetaren "papiroetako" bat