Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zaharrenetik zaharrenera

Zaharrenetik zaharrenera

Amatiño 2011/01/25 20:00
Azken bolada honetan hileta gehiegitan ikusten dihardut neure burua. Sasoiko lorea omen. Bitariko sasoia, jakina. Batetik neguaren hotza, bai; baina, bestetik, baita adinaren ajea ere, behar bada. Izan ere, goitik beherako joerak noizbait hasi behar du nabaritzen. Eta hasia da maldan barrena. Hiletaz hileta ibili besterik ez dago.

Ikaragarria da hamar urteren bueltan zein aldaketa handia izan den. Oraintsu arte gure seme-alabak ziren ilobak eta gure gurasoak, berriz, aitona-amonak. Baina, konturatu orduko, seme-alabak dira guraso eta geu, berriz, euren seme-alaben aitona-amonak. Horra non, ia jabetu barik, etxeko zaharrenak garen!

Nere aita zenaren lagun-taldea urtean behin bildu izaten zen Legarreko ospitalearen elizatxo-atarian. Nere adin berekoek gogoan izango dituzue kaperak aurrekaldean zuen leiho biribil samarra eta atarian zeuden hiruzpalau harmailak. Dekorazio hartan jarri ohi ziren elkarrekin argazkia ateratzeko artean bizi zirenak, hildako lagunen aldeko meza ostean.

Makinatxo bat urtean, meza beretsua eta argazki berdintsua. Ezin nik jakin meza barruan aldaketarik ote zen baina kanpoko argazkian behintzat aldaera dezente nabarmena: urtero-urtero, aurrekoan baino lagun bat edo beste gutxiago bertaratzen zen-eta. Ikusita nago umetan aitaren hogeitaka lagunen arteko argazkia eta ezkonberritan, aldiz, hamabi-hamalaukoa. Ez dakit zein urtetan laga zioten elkarrekin mezatara joateari, baina badakit hainbat urte lehenago utzi ziotela meza osteko argazkia ateratzeari.

Dena dela, harrigarri zein laster pasatzen garen gazteenetakoak izatetik zaharrenetakoak izatera. Hegaztadaren letxe gero!

              Ciriaco eta ilobak

Ciriaco Mendizabal ("Amatiño", Bergara) aitxitxa eta Segunda Lete ("Olazabal", Antzuola) amama, euren zortzi ilobekin, 1954an edo. Erdi-erdian, goitik behera, Maite arreba, Iñaki anaia eta ni neu. Anartean gutarteko laugarrena, Xabier, jaiotzeke. Amatiñoko aitxitxak nik orain dudan adin berbera zuen.

Amatiño
Amatiño dio:
2011/01/30 14:40

Behar bada bai. Daitekeena da udaberriz zein udazkenez neguan baino jende gehiago hiltzea. Baina egunkaritan betidanik "jakinekotzat" jo izan da hilberritako diru-sarrerak gehiago izan ohi direla neguan beste edozein urtarotan baino. Eta hau zehazteko ez da estatistika sakonik behar, aski litzateke egunkariren bati galdetzea. Galdera nere kontu, erantzun nahi izango ote duten...

Amatiño
Amatiño dio:
2011/02/02 00:21

Eustat-ek aditzera ematen duenez, azken bi urteotako datuen arabera behintzat, heriotzarik gehien abenduan eta urtarrilean gertatu izaten da, gutxien udan, eta erdibidean, udaberrian zein udazkenean. Hala ere, hilabetez hilabete, ekainean eta irailean uztailean eta abuztuan baino jende gutxiago hil zen. http://www.eustat.es/elementos/ele0000100/tbl0000160_c.html

markos zapiain
markos zapiain dio:
2011/01/29 18:12

Amatiño, nik ere uste nuen batez ere neguan hiltzen dela jendea. Baina Laka bizilagunak, Bermeoko ehorzleak, jakinarazi dit ilea jausten zaigun sasoi berean hiltzen garela eskuarki, alegia, udazkenean eta udaberrian. Lakaren iritziz, hori beti eta nonahi gertatu da horrela, baina ez dugu estatistika fidagarririk bilatu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: