Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Etxebizitzarik ezaren konponbiderik zuzenena: etxeak egiteari ez utzi

Etxebizitzarik ezaren konponbiderik zuzenena: etxeak egiteari ez utzi

Amatiño 2024/05/30 00:15
“Etxebizitzaren arazoa espekulatzaileei, pisu hutsei eta pisu turistikoei egozten badiegu ere, benetako arazoa etxebizitzak eraikitzeari uko egitea izan da”. Pello Aspuru Lopez de Munain *

Behar besteko etxebizitzarik eza larria da Euskal Autonomia Erkidegoan. Emantzipatu nahi duten 84.000 gazteetatik, 13.000k baino ez dute gurasoen etxetik alde egiterik lortzen. “Espekulatzaileak”, “pisu hutsak” edota “pisu turistikoak” aipatu ohi dira arazoaren oinarritzat. Besterik diote, ordea, Pello Aspuru Lopez de Munainek enpresabideko “Plaza Publikoan” jasotako datuek.

Eusko Jaurlaritzak jakinerazitako datuen arabera. EAEko etxebizitza kopuru osoaren %2 baino ez dira, alokairuan jarri edo garestiago saltzeko etxebizitzak erosten dituzten espekulatzaile handiak. Ezin esan, beraz, EAEn espekulazioa handirik dagoenik.

2022an egindako ikerketaren arabera, aldiz, erabiltzen ez diren pisu hutsak gehiegi ote diren eta salgai jarriko balira euskal gizartean jasaten den etxebizitzarik ezaren arazoa konponduko litzatekeela sumatzen dutenen kontra, guztira 12.000 etxtebizitza dira EAEn hutsik daudenak, kopuru osoaren %1 inguru beraz. Kopuru txikiegia, nonbait, merkatu osoa baldintzatzen dutela pentsatzen hasteko.

Etxebizitzaren merkatua murritzegia ote den, berriz, pisu turistikoak neurri gabe gehitu direlako… datuek besterik diote. Pisu turistikoak etxebizitza-kopuru osoaren %0,5a baino gutxiago ziren 2021 urtean Euskal Autonomia Erkidegoan, eta hiriko etxebizitzen %2a besterik ez Donostian. Alegia, etxebizitzarik ezaren errua turistei leporatu nahi izatea, jarduna baino ez da.

Hartara, hitzetik hortzera aipatu ohi diren espekulatzaileak, pisu hutsak eta pisu turistak ez baldin badira etxebizitzarik ezaren arrazoia, non dago jatorria? Pello Aspuru Lopez de Munainen erantzuna ezin adierazgarriagoa da: EAEn etxebizitzak eraikitzeari uko egin zaio azken urteotan. Datuok nabarmenagoak dira: orain bi hamarkada, 11.000 etxebizitza eraikitzen ziren urtero eta egun, ostera, 4.500 inguru besterik ez. Arazoaren muina eskaintza falta da, eta konponbide bakarra etxebizitza gehiago eraikitzea. Zenbat? Eusko Jaurlaritzaren arabera, 100.000 inguru.

“Bekatua” non dagoen ausart asko salatu ez ezik, Aspuruk hainbat aterabide proposatzen ditu bere iritzi-artikuluan. Soluziorik onena zein ote den eztabaidagarri izan daiteke, baina, bitartean, garbi dagoena zera da: sekula ez dugula arazoa konpontzen asmatuko, baldin oinarrizko arrazoiak ukatzen eta mozorrotzen jarraitzen badugu.

* Pello Aspuru Lopez de Munain Doktoregai CEMFI Espainiako finantza- eta diru-ikerketa zentroan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: