Etorkizuna elektrikoa da
Duela zortzi hilabete argitaratu zen Toronton Jeff Rubin ekonomilariaren Why your world is about to get a whole lot smaller (Por qué el mundo está a punto de hacerse mucho más pequeño). Liburuaren tesia bat besterik ez da: gaur egun indarrean dugun ekonomia-eredua petrolio merkean oinarritua dago eta petrolioa gero urriago eta garestiago izango denez gero, gureak egin du. Akabo globalizazioa, gatozen berriro ere gure asaba zaharren merkatuetako produktu hurbiletara, “ultramarinoak” petrolio aurrekoak ez bailiren.
L’enfant terriblearenak egiteko ez bada, nekez da ulertzekoa nola arraio idatzi daitekeen 2009 urtean 315 orrialdeko liburu bat etorkizuneko panorama energetikoaz, berriztagarriei orrialde bat eskainiz, energia nuklearrari bospasei lerro besterik ez eta auto elektrikoaz edozein entziklopediatan aurkitu daitekeen zenbait erreferentzia xume historiko baino ez.
Jakinekoa da ekonomilariak betidanik izan direla hobeak ekonomiaren aldaketak gertatu ondotik arrazoitzen, gertatu aurretik iragartzen baino. Auskalo gero Jeff Rubinek zer ote dakien petrolioaz, baina petrolioaz den-dena jakin arren ere ez da egun inondik aski energia-sektore osoaz hitzegiteko. Hain zuzen ere, honez gero ez da nahiko petrolio-aroa amaitzear dagoela esatea. Mundu orok daki noizbait amaituko dela. Arazoa da petrolio-osteko energia-motarekin asmatzea eta baita, biziki garrantzitsua gero, bi aroen arteko zubigintza nola egin antzematea ere.
Etorkizunaren nondik norakoa ulertzeko petrolio-merkatuaren bitasunaz jabetu beharra dago. Batetik egia da, bai, gero eta petrolio gehiago kontsumitzen dela munduan zehar (herrialde atzeratuen susperraldia zein garraio-sektorearen hazkuntza); baina, bestetik, egia ere bada petrolioa ia erabat desagertu dela mendebaldeko argindar-ekoizpenetik zein industriatik (energia berriztagarri eta ziklo konbinatuei esker).
Konpondu gabeko arazoa garraioa da. Eta berauxe da hurrengo erronka. Oso zaila da jakitea gasolina-motorretik elektrikora bitarteko pausua zenbat denboratan gertatuko den baina, segurutik, hogei urtean panorama erabat aldatuko da, arrazoi objektibo guztiek aldaketa horretara garamatzate-eta: aldaketa ez da luzera garestiago izango; automozioak badaki eskabide berria hortik etorriko zaiola; ingurumen-sentikortasuna ildo beretik doa eta erakunde publikoen laguntza guztiak zentzu horretan abiatuko dira.
Orain hogei urte hau irakurtzen ari zareten gehienok ez zenuten ordenadorerik eta are gutxiago gero Internetik. Seguraski, hogei urte barru hau irakurtzen diharduzuen gehienok auto elektrikoa izango duzue. Baina ez ordurako petrolioa amaituko delako, teknologiak beste hainbat aukera eskainiko duelako baino. Petrolioari ez zaio bestelako funtziorik falta izango.
Non aukeratu ez da falta izango