Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Etorkizuna adosteko gai liratekeen politikoak ditut amets

Etorkizuna adosteko gai liratekeen politikoak ditut amets

Amatiño 2015/07/03 00:10
Eusko Legebiltzarrak haustura hidraulikoaren (frackina) teknika uxatzeko araua onartu du. Erabaki politikoa da. Nabarmen demokratikoa. Baina ez, serioa. Euskal energia-politikak populismo gutxiago eta eztabaida sakonagoa behar du. Besteak beste, etorkizuna ez da sekula “gure esku egongo” energiaz zer arraio egin nahi dugun elkarrekin adosten ez baldin badugu.

Ez dela serioa diot, arazoa ez delako frackina bai ala frackina ez. Arazoa da euskal gizarteak zenbat energia behar duen jakitea, eta behar duen hori zelan lortu nahi duen erabakitzea. Auskalo zein energia-mota, baina beti ere iraunkorra, lehiakorra eta segurua izango den energia. Ez da gero batere erraza unean uneko energiarik aproposena hautatzea, are zailago ostrukarenaz eztabaidari muzin egiten bazaio.

Finlandiak, hainbat urteko informazio eta eztabaidaren ondotik erabaki zuen energia nuklearraren aldeko apostua egitea. Eta ez, burutik jota daudelako. Hainbat energia-mota elkarrekin alderatu ostean erabaki zuten, C02 isuririk urriena, kosturik merkeena eta errusiar menpekotasunik murritzena eskaintzen zizkiena, nuklearra zela. Balantzan jarri eta finlandiarrek pentsatu zuten arriskutsuago zitzaiela errusiar inbasioa nuklear holokaustoa baino. Eurek jakingo dute zergatik.

Iazko azaroan, Donostiako San Telmo Museoan Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako energia-jardunaldietan barrena, Kataluniako independentziaren aldeko hizlariak bere aberriaren energia-mapa azaldu zuen jendaurrean. Baita inbentarioa egiterakoan Ascó eta Vandellòs zentralak sartu ere. Eta gainera, ausart asko, aurrez aurre esan: “Y os preguntaréis qué haríamos con las nucleares… pues mantenerlas. La independencia energética de Catalunya es impensable sin ellas”. Baina, hala ere, adierazgarriena ez zen izan kataluniar hizlariak zein garbi zituen gauzak, ezpabere bertako  entzuleen artean zegoen euskal abertzale, ekologista eta anti-sistema andanaren artean inork –inork gero— ez zuela ahorik ere ireki! Harri eta zur… Mutis por el foro.

Energia hil ala bizikoa da, edozein herrigintza proposatzerakoan, eta gure artean zenbait interesek eragin duten energiaren kontrako aiherkundea ezin dohakabeagoa eta malurusagoa da euskal gizartearen kaltetan. Nago jarrera (edo estrategia?) honen oinarrian ez ote dagoen Lemoizko zentralaren kontrako ETAren jokamolde sarratsa.

Ez. Ez deritzat serioa PSEren jarrerari, duela bi urte Patxi Lopez lehendakaria izan baitzen haustura hidraulikoaren berri eman zuena albiste on gisa. Ez deritzat serioa PPren jarrerari, ez baita serioa gasik ote dagoen ere jakiteke miaketarik txikiena debekatzea, hirurogei kilometrora itxita dagoen zentral nuklearra berriro ireki nahi den artean. Eta ez deritzat serioa EAJren buruzagitzarik ezari, txoriak uxatzea ez baita uzta biltzeko aski, aurretik hazirik erein ez bada.

Energia kontuetan, ez dago balio absoluturik. Ezein ez da beharrezkoa baina denak dirateke osagarriak, neurri batez zein bestez iraunkorrak, lehiakorrak eta seguruak diren bitartean. Nik ez dut askitzat jotzen unean-unean zer nahi ez duen baino erabakitzeko gauza ez den Legebiltzarra.

Hurrengo belaunaldiarentzako energia-egitasmoa adosteko gai liratekeen politikoak ditut amets.

Eta, adosteko, denek galdu beharko lukete zerbait, denok irabazi genezan. 

jon
jon dio:
2015/07/03 22:17
Eta, zertarako daude legebiltzarkideak etorkizunaz ez badute arduratu nahi?
jaime
jaime dio:
2015/07/04 20:34
Energia, ertz askotariko hitz magikoa. Historian zehar, edozein zibilizaziok ustiatu behar izan ditu aire, ur, eguzki, su, lur, animaliak, gizakiak edo zerupean dagoen ezein elementu energia ekoizteko gai izan dena.
Baina, madarikazio biblikoa heldu zitzaion gizakiari petrolioaren tasunak aurkitu zituenean. Gaur arte jarraitzen duen erokeri globalak eztanda egin zuen planeta honetan; energia iraunkor eta merkea lortzeko, Ama Lurrak inoiz sufritu izan zuen erasorik bortitzena nozitzen ari da gaur egun. Jakina, norbaitek esango bide du aipatutako arrazoiak ekologista populista batzuen aldarrikapen eroak direla. Oba ez!!
Kontuan hartuta Ipar Poloan izugarrizko petrolio eta gasa poltsak topa daitezkeela, bai eta diamante edo mota askotako metal bitxiak ere.
Kontuan hartuta Errusia, Kanada, Norvegia eta Danimarkak Ipar Poloan dituzten “eskubideak” erreibindikatzen dituztela hango pastela euren artean banatzeko asmotan.
Kontuan hartuta prospekzio guzti hauek planetaren beroa areagotuko dutela guztion bizitza arrisku bizian jarrita.
Guk ere bai karrusel ero honetan sartu behar ote dugu? Zer Lur mota utziko diegu gure seme eta ilobei? Seguru al gaude haustura hidraulikoa erabiltzekotan ez ditugula gure akuiferoak kutsatuko?
Egunen batean hil egingo gara, bizi lege, baina ez dadila egarriak jota izan!!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: