Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Etorkizun zoriontsua: industriarik gabekoa, soldata industrialekin

Etorkizun zoriontsua: industriarik gabekoa, soldata industrialekin

Amatiño 2021/07/20 22:00
Frantziako Lehen Ministroaren eskariz, Louis Gallois aditu eta goi-funtzionario sozialistak “Lehiakortasun frantsesaren txostena” delakoa burutu zuen (2012), honako helburu honekin: “Evaluer la situation de l’économie française et la competitivité de ses différents secteurs d'activité”.

Louis Gallois Frantziako konpainiarik handienen (Airbus, SNCF, SNIA, PSA…) presidente eta zuzendari nagusia izana da eta, tren, auto, hegazkin zein espazio sektoreak bertatik bertara ezagutzeaz gainera, ekonomia errealaren arloan enpresa-aditurik aitortuenetakoa zen eta da.

Ez dago inondik ere blog koxkor batean Lehiakortasun frantsesaren txostena bezalako azterketa sakona biltzerik, baina bai, ordea, hiru lerro soiltan laburtzerik Espainian inondik ere betetzen ez den oinarrizko eskabidea. Alegia: “Toute nouvelle disposition législative ou réglementaire significative, toute nouvelle politique lancée par l´Etat doit être accompagnée d’un document précis de ses impacts sur la compétitivité industriellle et des moyens d’en réduire les effets négatifs anticipés ou à venir”.

Hau da. “Lege-xedapen berri edo erregelamendu esanguratsu orok, Estatuak abiarazitako politika berri orok, atxikia eraman beharko du dokumentu zehatza, industria-lehiakortasunean izango diren eraginak eta aurreikusitako zein eratorri daitezkeen ondorio negatiboak murrizteko”.

Espainiar gizartetik ikusita, zenbaitek pentsa lezake, arau horren helbururik nagusiena industriaren barrabaskeriak uxatzea dela eta darizkien ondorio kaltegarriak kontrolatzea. Baina ez. Behar bada, bide batez,  hori ere bai, jakina, baina ez hori bereziki, industriaren jarduera okerreko erabakietatik libratzea baino. Hau da, hobe beharrez, askorik pentsatu gabe, inozokeriaz edo ezjakintasunez industriaren lehiakortasuna eragozten duten proposamenak denboraz salatzea, industriaren lehiakortasunik ezak industriak itxiaraziko baititu, eta industriarik ezean, pobrezia erakarri eta menpekotasuna eragin.

Ia hamar urte geroago,  antza ez dute oraindik gure gobernariek zentzuzko iradokizun horren berririk izan. Are gutxiago antzerakorik praktikan jarri. Pirinioetatik behera bizi gara gizarte batean non aurrerakoiena den, hasteko, sektore industriala kolokan jartzea eta, gero, ixteko modurik ba ote dagoen galdetzen hastea. 

Nago, jendeak ez dakiela zehatz nora joan nahi duen, ez duela jakin nahi zer egin beharko litzatekeen orain arteko ongizateari eusteko, eta ez duela sinetsi nahi zein ezinezkoa den mailari eustea lehiakortasunik ezean.

Nago, esaterako, frantsesek eta alemanek badakitela, goiari eusteko, industria dela adarretatik heldu beharreko erronka. Espainian, ostera, jende askok --larregik-- uste du industria asaba zaharren kontua baino ez dela eta etorkizun zoriontsua… industriarik gabekoa, noski, baina soldata industrialekin, jakina. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: