Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Etorkizun lausoa

Etorkizun lausoa

Amatiño 2015/12/28 20:55
Katalunia eta Euskadiren arteko partida, zuzenean, ETBn. Lehen zatiko 41. minutua da eta esatariak iragartzen du: "Lau minutuan Gaur Egun eskaintzen dugu". Ez da munduan ulertuko ez dion euskaldunik baina nire sasoiko inork ez luke horrela esango. Euskara aldatzen ari da, bizirik dagoenaren seinale.

Ez dut esango txarto dagoenik. Batere zalantzarik gabe, esatariak izugarri ondo hitzegiten du eta lanbideari dagokion erraztasunaren jabe da.

Baina erraztasun guztien azpitik eta zailtasun guztien gainetik, euskarak aldatzen dihardu, kosta ala kosta, bizirik dirau-eta. Latinari ez zaio horrelakorik gertatzen. "Lau minutuan Gaur Egun eskaintzen dugu", nire adineko guztiek "eskainiko dugu" esango luketen lekuan.

Guretzat dena zen etorkizun, minutu gutxi geroagoko kontua izan arren: "Foballian eingo dogu?" -  "Hartuko jittuagu pare bat txikito?" -  "Probauko juagu Txaltxaneko eskillarapeko barrixa?" - "Juango gaittuk Urtebarri egunian Urko gaiñera?" - "Andriari galdetuko jetsat eta erantzungo deuat".

Gaur egun, ostera, etorkizun ideia zeharo galdu da berehalako zentzuan: "Jolasten gara?" - "Pikatzen dogu zeozer?" - "Jartzen gara hor eta egoten gara zain?". Baina baita, nabarmen, geroagokoetan ere: "Deitzen gara Aste Santu ostian eta joaten gara udan Landetara?" - "Primeran, Ainarari esaten detsat eta erantzutzen detsut."

Etorkizuna erabat lausotzen ari zaigu. Orain hurrengo honetaz hitzegiteko aukera izan nuen soziolinguista batekin eta ez nuen batere arduratuta sumatu: "Funtsean, aldaketa hori ez da gramatikala, kontzeptuala baizik", argitu zidan.

Eskerrak... Guztiz lasaitu ninduen!

jaime
jaime dio:
2015/12/29 15:24
Zenbat aldiz ez ote diedan entzun guraso gazteei: Benga, Ikertxo, bagoaz!. Goazen, agintera aditz modua gero eta zokoratuagoa.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: