Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Etika eta estetika

Etika eta estetika

Amatiño 2017/06/29 00:05
Inbertsio arduratsua aztergai izan zen aurreko asteartean, Bilbon, Bizkaiko Diputazioak, Finecok eta Deustuko Unibertsitateak elkarrekin antolatutako jardunaldian. Hizlariek azpimarratu zuten, oro har, inbertsiogileek gero eta gehiago egiten dutela apostu iraunkortasunaren alde eta ingurumena ez dela honezkero defenditzen “aurpegia garbitzeko”, baizik-eta, bestela, negozioak ez lukeelako etorkizunik izango.

Inbertsio etikoaren ideia ez da berria. Besteak beste, Norvegiako petrolio-ustiaketak eragindako funtsak erreferentzia dira, mundu-mailan, inbertsio etikoei dagokienez.

Ikaragarrizko dirutza da Norvegiako pentsioen herri-funtsak (The Goverment Pension Fund Global) kudeatzen duena, ez baita alferrik 1.300 bilioi (milioi bat bider milioi bat) dolar bestekoa, norvegiar itsasaldean 1968an aurkitutako petrolioak geroztik fakturatu duena. Ondorioz, 830.000 milioi $ lain da hurrengo belaunaldientzat Norvegiak bildurik duen gordailua (ia 160.000 $ biztanleko). Demaseko kapitala, finantza-merkatuak baldintzatzeko bestekoa.

Orain bi urte (2015eko ekainean), Norvegiako Legebiltzarrak aho batez erabaki zuen –ingurumena zaintze akdera-- norvegiar funtsaren inbertsioek hanka egitea, energia-iturri gisa ikatza %30 baino gehiago darabilten meatze eta argindar enpresetatik.

Erabaki honek aparteko kaltea eragin zion ikatz-sektoreari nahiz, esaterako, Alemaniak ikatz-ustiaketa eta kontsumoa (%40) areagotu, zentral nuklearrak 2022 urtean itxi ahal izateko, meategietako sindikatuen txaloez eta berdeen onespenaz.

Bidenabar, ingurumen-esparru beretik, bada Alemanian norvegiarren saihets ahula salatzeko arrazoiak sumatzen dituenik. Izan ere, Norvegia da –Islandiarekin eta Japoniarekin batera— balearen arrantzan jarraitzen dituzten hiru herrialdeetako bat.

Ez da erraz ulertzekoa, zer dela-eta munduko herrialderik aberatsenak (lehena, per capita) jarraitzen duen baleak harrapatzen, merkaturatzen (botikaz zein kosmetikaz) eta jatetxetan arrunt eskaintzen. Balea ugaztuna da eta, itxuraz zein zaporez, behi-xerraren parekoa, nekez bereizteko modukoa. Eta ez, gainera, askoz ere garestiagoa, Norvegiako bizimodu altua kontuan hartuta 26 € inguru balio baitu, anoa edo plater bakoitzeko.

Norvegiar arrantzaleek 1.396 balea hartu zituzten, guztira, 2014 eta 2015 urteetan (aldi berean japoniarrek, 663 eta islandiarrek, 345). Hala ere, sektorea krisiak jota omen dago, iraun ezinik, eta dirulaguntza publiko gehiago aldarrikatzen du. Merkatuaren eskabidea gero eta urriago omen da, jendeak “antzinako kontutzat” du-eta balea-arrantzari datxekon lanbidearen estetika zaharkitu guztia.

Hala ere, ikatzaren erabilpena gutxiesteko gauza den parlamentuak zergatik ez dio balearen arrantzari muzin egiten? Biztanleko 160.000 $ besteko funtsa duen munduko herrialderik garatuenetakoak zergatik ez du hogeitaka itsasontzi baino ez dituen flota behingoz ixten? Inork ulertuko ote luke Bermeon edo Ondarroan horrelakorik egingo balute?

Hain zuzen, Artikoan egon nintzen ni, 1994an, Inuiten telebista zertan zen bertatik bertara ezagutu gurarik. Eta euskalduna nintzela aitortu nuenean, solaskideetako batek aurpegiratu zidan: “Basque? Balearik gabe utzi ginduztenetakoa?”

Baleak

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: