Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / ETB, galdutako bidearen bila

ETB, galdutako bidearen bila

Amatiño 2010/08/30 15:49
Duela hamabost urte besterik aurreratu arren, oraindik ere egon badago Euskal Telebistarik. Baina nekez iraungo du filosofiaz aldatzen ez baldin badu eta, ene ustez, filosofiarik iraunkorrena 1986 urterarte indarrean egon zena da. Erabateko ETB1 –bat bakarra munduan— eta informazioz zein zine-programazio onez osatutako ETB2.

ETB dela eta ez dela, han-hemenka denetariko iritziak azaltzen ari dira audientziaren galeraren nola-hala arrazoitzeko. Zenbaiten ustez zuzendaritzak ez du programazio berriaz asmatu; bada barne-giroak ez duela batere laguntzen dioenik; ikusentzulearen “desafekzio” hitza batzuen eta besteon ahotan entzuten da; seguru gero merkatu-eskaintzaren ugaltzeak, audientzien atomizazioak zein krisialdi ekonomikoak ez dutela mesederik erakarri eta, behar bada, Alberto Surio zuzendari nagusiak esan bezala, egia ere bada ETB ezezik telebista-merkatu osoa ere aspaldioko iraultzarik sakonenaren atarian dagoela.

Zer egin, ordea? Ba, nere iritziz behintzat, iturrietara jo. Hau da, 25 urte atzera egin eta 1986 urterarte indarrean egon zen egitasmoa berreskuratu. Laburbilduz, euskarazko ETB erabatekoa, munduan euskaraz beste katerik ez balego bezala (eta ez dago), eta gaztelaniazko ETB2 osagarria, informazioan eta zine-programazioan oinarritua.

Euskarazko ETB “erabatekoa” diot, nolabait adierazteko ETB1k 1980eko hamarkadan betetzen zuen funtzioa betetzeko segurutik kate bat baino gehiago behar izango duela gaur egun. Zentzu honetan, daitekeena da 1983ko ETB1en helburu guztiak betetzeko orain ETB3, Betizu edota  kirol-ETBren bat behar izatea.

EiTBren helburuak

EiTBren sortze-legeak adierazten duenez, euskal irrati-telebista sortu zen euskal kultura eta hizkuntza sustatzeko eta hiritarren informazio-eskubidea suspertzeko. Telebistari zegokionez, lehen ideia lantzeko eragin zen Euskal Telebista (barne-produkzio indartsuaz) eta bigarren helburua segurtatu ahal izateko justifikatu  zen ETB2ren sorrera (informazioa eta kanpo-produkzioa). Funtzio-banaketa hau hautsi zen 1986-87an ETB2k informazio- eta zine-programazio soilari utzi, Fernando Tola, Sabrina, José Luis Moreno etab. kontratatu eta gaztelaniazko barne-produkzioari ekin zionean (ikus ETB: 25 URTEURRENAREN BIDEAN. ETB2ren eragina. Jakin 1995,  89. zenbakia, 83. orrialdean)

Iritzi-aldaketa honen atzekaldean euskal gizartearen erdal mundua zegoen, zentzurik zabalenean. Hau da, sekula aurretik euskal telebistaren (euskal hedabideen) premia aldarrikatu ez arren, ETB abian ikusi ostean “nosotros también” pentsatu zuen mundua. Hauxe da funtsean arazoa, eta hauxe berauxe da ETBren bastidoreen artean oraindik ere jokoan dagoen auzia.

Euskal gizartean bi mutur-sektore daude. Ertz batean, euskarazko elebakartasuna aldarrikatzen duena, elebitasunak beti ere, azkenean, euskararen heriotza erakarriko duelakoan. Beste ertzean, berriz, euskara sustatzea anakronikoa dela uste duen jendea eta museoan gorde beharreko ondare historiko baliotsutzat jotzen  duena.

Baina bi mutur hauen artean, bitartean, ez dago iritzi-molde bakar bat, beste bi baizik. Bata, euskara sustatzeaz gainera, hobe beharrez diskriminatu nahi duena eta, bestea, euskara sustatu bai baina gaztelaniak euskarak bezainbat eskubide eta laguntza zuzen behar dituela uste duena, demokraziaren, berdintasunaren eta parekotasunaren izenean.

ETB2ren gaur egungo programazio-motarik gehiena --kirol-emanaldiak eta haurrentzakoa izan ezik-- ETB1 bezain kate jeneralista nahi izateari dario. Euskal hizkuntza-politikak esan lezakeenaz aparte, behar bada ETB2ren programazio-eredu hau onargarri (edo eramangarri) zen telebista-kate guztiak publikoak ziren urteetan (1990 arte), aukera dezente murritzagoa zen denboretan edota dirua arazo ez zen garaietan. Baina egungo merkatuak eskaintzen duen programazio joriaren aurrean zeharo eztabaidagarria da zentzurik ote duen gaztelaniazko kate publiko jeneralista komertziala  bi milioi hiritarren  euskal erkidegoan.

Oraindik ere indarrean daude --murriztu ezezik gehitu egin dira-- 1983an Euskal Telebista sortzeko erabili ziren arrazoi berberak. Baita, nik uste, 1983ko Gabonetan Teleberri-rekin batera aireratu zen ETBren gaztelaniazko modeluari zor zaizkionak ere. Ez, ostera, 1986an ekindako erdal programazio-ereduari eusteko bezainbatekoak.

Orain  hamabost urte  idatzi nuen nik (ETB: 25 URTEURRENAREN BIDEAN. Berehalako etorkizuna. Jakin 1995. 89. zenbakia, 94. orrialdean):

     Ondoko urteetan ETBk berebiziko irudimen ahalegina frogatu beharko du, aurreko hamabi urteetan buru-belarri saiatu ondoren lortutako audientzia-mailari eutsi ahal izateko. Aldi berean, ehundaka alternatiba bilduko dituen tropeletik ihes egin eta merkatuan nagusituko diren hiruzpalau aukera handienetako bat izateari eutsi nahi izango badio, sekulako botere eta ahalmenaz jabetu beharko du. Azkenik, teknologia-eraberrikuntza handien ataritan, kapital.inbertsioek ia hasiera-hasieran egindakoak bezain handiak izan beharko dute, kontua ez baita izango orain arteko ildotilk hobetzea, oinarri-oinarrizko barne-sistema osoak goitik behera aldatzea baizik.

     Orain dela hamahiru urte ez zegoen Euskal Telebistarik. Behar bada, gehiegi litzateke hamabi urte barru ere ez dela egongo esatea. Auskalo, egongo den ala ez, baina garbi dagoena zera da, egongo bada, guztiz desberdina izan beharko duela eta egin beharreko aldaketek oraindanik hasi beharko dutela.

Bistan denez, hamabost urte geroago oraindik ere egon badago Euskal Telebistarik, baina nekez iraungo du filosofiaz aldatzen ez baldin bada eta, ene ustez, filosofiarik iraunkorrena 1986 urterarte indarrean egon zena da. Alegia, erabateko ETB1 –bat bakarra munduan—eta informazioz zein kanpo-programazio onez osatutako ETB2.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: