Eta orain, zer?
Ahaltsuak, autonomoak eta jakitunak ginelakoan, bat-batean eta ustekabean harrapatu gaitu pandemiak; eta, ziztu bizian, nabarmen ahulak, lar menpekoak eta zeharo ezjakinak baino ez garela frogatu digu.
Osasun-larrialdi honek erakar ditzakeen ondorioak miatzen eta eztabaidatzen laguntzeko eta, ahal den neurrian, etorkizuna elkar-lanean birpentsatu ahal izateko, Kutxa Fundazioak eta Gobernance institutuak “Eta orain, zer?” deritzon zazpi jardunaldiko zikloa burutu dute.
Atzokoan, “El mundo después del coronavirus” delakoan, Daniel Innerarity, Juanjo Álvarez eta Cristina Monge mintzatu ziren ia ordu eta erdiz. Benetan gai-zerrenda ikaragarri luze eta interesgarria jarri zuten mahai gainean; lan-tresnak eta norabideak, berriz, ez hainbeste; eta, erabateko soluzioak, aldiz, nabarmen urriago: “elkar-lanaren logika vs elkar-lehiaren logika” (Innerarity), “globalizazioa berrasmatu behar dugu” (Monge) edo “ez da etorkizunik izango pertsonarik eta erakunderik gabe” (Álvarez). Amaitu aurretik ikus-entzuleen galdera-erantzunen txanda, Ander Errasti aurkezlearen eskutik.
Hurrengo asteazkeneko gaia zera izango da: “El papel del conocimiento experto”. Juan Ignacio Pérez Iglesias eta Gemma Marfany aurrez aurre, Txetxu Ausin bitarteko.
Bertara biltzeko, hemen. Merezi du.