Eta nork defendituko du hurrengo belaunaldia?
Juan Pedro Gomezek (Ciudad Real, 1971) 1.674.000 € irabazi berri ditu “Pasapalabra” telebista-lehiaketan eta kazetariak galdetu dio zer egin behar ote duen dirutza horrekin. Baita gazteluberriarrak argi asko erantzun ere: ”No quiero hacer inversiones arriesgadas, ni invertir en un negocio. No es un buen momento”.
Nik esango nuke, ordea, ez dela momentu-kontua, ezpal-kontua baino. Izan ere, kasu berean, gutako zenbatek ezarriko luke lehiaketaz irabazitako dirua enpresa batean, negozioa egiteko eta lanpostuak sortzeko? Funtsezko arazoa da Juan Pedro Gomez ez dela enpresaria eta, gainera, ez duela izan nahi. Berak lau urte daramatza langabezian eta, jakina, ez da orain hasiko inorenak konpontzen…
Jende askok uste du enpresak sortarazten dituztela aberatsek, betidanik dirudunak izan direnek, soberan dutenek. Alegia, dirua soberan ez daukatenek ez dutela negoziorik eragin beharrik, lanposturik sortu beharrik. Baina gurean behintzat enpresari txikirik eta ertainik gehienek hutsaren hurrengoarekin ekin izan diote ugazaba izateari. Ez, mundu guztiak ez du balio enpresari izateko, egia da. Baina horretan jardutea erabakitzen duenari aitortu beharko litzaioke, gutxienez, adoreren bat edo beste. Sekula lanpostu bakar bat ere sortarazi ez duenak behar luke apalagoa izan.
Eta, behingoz, garbi gera bedi: enpresa dirua irabazteko da. Ez duena inondik ere balio zera da: aurrenik norberak negoziorik ipini ez, gero inori lana eskatu eta, ondoren, enpresa abian jartzeko eta lanpostuak sortzeko gertu dagoen horri, dirua galdu dezala eskatzea… “nire” lanpostua bermatzeko.
Etxebizitzaren jabe den edonork daki bere ondareak orain bost urte baino gutxiago balio duena. Eta dendaririk txikienak ere badaki bere etekinak murriztu egin direna. Baina soldatadun langileak sinetsi nahi du, ostera, bere lanpostuak 2008an baino gehiago balio duela eta soldatak (kooperatibetan edo izan ezik) inoiz jaitsi ezin diren eskubideak direla.
Hainbatek uste du, oraindik ere, bere soldata enpresariak ordaintzen duela, merkatuaren gorabeheren gainetik. Ez du ulertu nahi bere soldata bezeroek ordaintzen diotela. Enpresaria zaindu nahi ez badugu (zein merke ateratzen den enpresarien kontra edozer esatea), zainduko al dugu gutxienez bezeroa!
Euskal Autonomia Erkidegoan oro har, eta Gipuzkoan batez ere, nagusitzen ari den lan-giroa arduratzeko bestekoa da. “Eskubideak” gogoratu beharraren beharrez euskal enpresa ari da bezeroa ahazten, lehiakortasuna galtzen, arreta txartzen eta zerbitzua eteten. Erotu al gara? Gezurra dirudien arren, honen momentu larria bizi arren, ez gara nonbait konturatzen hainbat urte luzez lortutako gaitasuna pikutara bota dezakegula. Ez dugu gero uste izango eskari globala guri begira zain geratuko zaigunik, ezta?
Zenbat buru hainbat aburu. Hainbatek pentsa lezake hau guztia langileriaren aurkako arrazoibide atzerakoia baino ez dela. Bapo, daitekeena. Baina inork uste al du enpresak ito lehenik, merkatutik uxatu gero, eta itxi azkenik, langileen mesedetan izango dela? Benetan? Seguru ez dela hurrengo belaunaldiaren bizkar izango? Ondo dago jasangarritasuna, iraunkortasuna, “deshazkundea” eta horrelako hitz potoloak aldarrikatzea baina… norberaren burutik hasiko bagina?