Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eta Jaionek gizon egin ninduen

Eta Jaionek gizon egin ninduen

Amatiño 2008/01/31 23:59
Hamazazpi urte besterik ez nituen Jaione ezagutu nuenean. “Ezagutu” diot, elkarrekin ordu erdi eskas baino egon ez baginen ere. Aldez aurretik egindako zita zen, harreman profesional hutsa, ordaindu beharrekoak ordaindu eta kitto.

Harrez gero ez natzaio gehiago itzuli, geroztik ez dut berriro ikusi, kalean elkarrekin topo egingo bagenu ere, ez nuke nik neuk ezagutuko eta, segurutik, ezta berak ni ere. Izan ere, niretzat Jaione lehena –eta nolabait azkena— izan zen arren, zenbat nilako izan ote ziren berarekin nire aurretik eta, zer esanik ez, zenbat ote ondoren, ez baitira ordutik hona berrogeita bost urte luze alferrik pasatu.

Ezin gero asmatu nondik nora ibili ote den Jaione azken berrogeitaka urteotan. Bizi bada behintzat, honez gero hirurogeita hamar onak izango ditu-eta. Ez du, jakina, orduan bezain trinko eta lerden jarraituko baina, behar bada, heldutasunari esperientzia darionez, erakutsi zizkidan abileziak igarriko zaizkio oraindik ere.

Zenbaitek besterik pentsa lezakeen arren, Jaionez geratu zaizkidan oroitzapenak sentsukoiak dira gehienbat. Bere eskuak ditut batez ere gogoan. Atzamar arinak zituen oso, eta azal finekoak. Bekokitik hasi eta kokoteraino, inondik ere itxaro ez nituen fereka goxoak egin zizkidan eta emakumetara batere ohiturik ez zegoen nire gorputz gazte harek izugarrizko hotzikarak sentitu zituen bizkarrezurrean zehar.

Zita hartarako erabakia ez zen berehalakoa izan. Aspaldi samarretik ari nintzen joateko irrikaz, nire nahi eta ezinak argitu nahian, nire malurak lehertu gurarik, nire obsesioak zuritzeko asmotan, nire konplexu hasiberriak uxatzeko ahaleginetan, nire ezkutuko grinak plazaratzeko desiotan, deskubritu beharrekoak deskubritzekotan. Lagunminak eman zidan Jaioneren berri: “emakume horrek bajakik kontu horretan, bidia erreztuko deuk eta ez dok bape garestixa. Gainera, ez jok inork jakingo”.

Eta joan nintzen joan, arratsaldeko hirurak inguruan, ezohiko orduan, lotsaren lotsaz erdi ezkutuan, praka luzeak estreinatu berriak zituen gazteak sekula igaro behar ez zukeen atari hartara ate joka. Jaionek berak panpoxa asko ireki zidan atea eta, zuzen zuzenean, erreserbatura eraman ninduen, “beste gela horretan emakume asko dago-ta”. Bost minutu besterik ez zuen behar izan, egin beharrekoak egin eta lehen diagnostikoa adierazteko: “Seborrea¡” Ay ama, zer ote?

Jaioneren ustetan bi aukera baino ez nituen: ala etenbako sufrezko tratamendu lokala, burua urez ahalik eta gutxien garbitu eta bizi guztirako txerrikiak jateari agur esan... ala arazoaz ahaztu, egunero dutxatu eta jan-edanari normal eutsi. Lehenengo erabakiaren ondorioz, aitondu ere aitonduko omen nintzen ile dezente eta guzti; bigarren bidetik, ostera, hogeita hamar urte kunplitu aurretik erabat burusoilduko nintzela segurtatu zidan. Lehenak konplexuz beteriko ilearen morroi egingo ninduen. Bigarrenak, berriz, denbora baino lehen gizonduko, agian.

Hura izan zen emakume-ileapaindegira joan nintzen lehen eta azken aldia. Seguru asko sekula egin dudan kontsultarik errentagarriena. Geroztik ez dut gizonezkoenetara ere joateko premia handiegirik izan.

Oharra: 1997ko abenduaren 14an, Errioxako Laguardian, Euskadiko Burusoil Umoredun Elkarteak bazkide egin ninduen eta “Lehen mailako busoila” domina eman, Jose Antonio Bastegieta “Marko” lehendakariaren eskutik. Jaione ere bertan izan zen, bihotzondoan bederen.

Burusoila

 

 

Amatiño
Amatiño dio:
2008/02/01 14:04

Ez ba. Ez juat ikusi. Baiña, hik diñuanez, ikusiko biharko najeukek. Ia nun topatzen doten...

Luistxo
Luistxo dio:
2008/02/01 13:30

Aaaaaaa... Ikusiko zenuen Le Mari de la coiffeuse, film frantses polita, eta egoki dagokiona zure mezuari. Hemen irudi bazukt filmarekin zerikusia ez duen musikarekin badoaz ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: