Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / … eta gu Lurra biribila ala laua ote den eztabaidatzen

… eta gu Lurra biribila ala laua ote den eztabaidatzen

Amatiño 2023/05/09 09:00
Apirilaren 14ean. Ariane-5 espazioko suziria Guyanatik atera zen, “Juice” zunda zeramala. Misio europarra Jupiter planetara bidean abiatu zen, haren hiru sateliteen (Kalisto, Europa eta Ganimides) ingurura heldu eta bizitza posible egin lezakeen urik ba ote den aztertzeko. Bitartean, gutako hainbat Lurra biribila ala laua ote den eztabaidatzen...

Aurreko azaroan, Artemis I misioa Floridatik atera zen, 25 egunetan ilargira heldu, behar beste jira-bira egin eta, hainbat ikerketa burutu ostean, Gabonetarako etxera itzuli zen muturreko ezkutu termikoa frogatzeaz batera.

Besteak beste, xede nagusia zera zen: urte bi barru baino lehen Artemis II-ren bidaia harik eta segurtasunik handienaz errepikatzea, alde nabarmenaz: oraingo honetan sentsorez jositako hiru maniki eta kopin bi joan diren arren, hurrengoan, ostera, benetako lau astronauta (1) eraman beharko dituela eta ilargiaren orbitan jarri. Ondoko urratsa izango da, 2026an., Artemis III delakoa, zeinetan lau astronauta berberek Orion espazio-ontzia eskifatuko duten, orbitatik irten eta ilargiaren azaleraino jaitsi.

Artemis nazioarteko programa azken urteotako garrantzitsuena da, 52 urteren bueltan berriro ilargira heltzeaz gainera (2), presentzia iraunkorra jarri nahi izango baitu bertan eta nolabaiteko ilargi-ekonomia finkatzeko oinarrizko azpiegiturak ezarri. Artemis programa osoak ilargirainoko zazpi bidaia burutu nahi ditu 2030 baino lehen eta, hurrengo hamarkadan zehar,  lehen gizakia Martera eraman.

Bitartean, honezkero inori askorik ardura ez zaion arren, dagoeneko ehundaka ei dira zorioneko Lurraren Orbita Baxua  gainditu duten han-hemenkako astronauta zein pilotu profesionalak eta hain profesional ez diren turista aberatsak. Diru-kontua baino ez da, nonbait. Nazioarteko Espazio Estazioan (400 km.) astebete inguru pasatzeko 20 milioi  dolar ordaindu zituen Dennis Titok 2001 urtean; eta 28 milioi, aldiz  Jeff Bezosek, 2021ean.,  100 kilometroko orbita, beste hiru lagunekin batera, 10 minutuz gainditzeagatik. Hala ere, eskaintza komertzialagorik bada:  80 kilometroko ikuspegiaz konformatzekotan,  edonork eraman zaitzake espaziora 200.000 $ “xumeren” truke (3). Beinke, zalantzarik ez, gero eta eskaintza ugariagoak eta merkeagoak izango direna.

Eremu serioagoan,  NASAk abian dauzka hamabosten bat egitasmo, zein baino zein arranditsuagoak, hurrengo urteetan espazioaren esplorazioa erabat indartarazi eta orain arteko zenbait jakin-min argitzeko lagungarri izango direnak. Izan ere, hau guztia gertatzen ari den artean, bada oraindik gurean, 1960eko hamarkadako Apolo programaren arrakasta iruzurtzat (4) jotzen duenik, eta 12 lagunek (5) ilargia zapaldu izana sinetsi nahi ez duenik.

1) Zutik, Christina Koch, Victor J. Glover eta Jeremy Hansen. Erdian eserita, Gregory R. Wiseman.

2) Azken aldiz, Apolo 17a. izan zen, 1972an.

3) Joan direnetatik inork ez du esan, ordea, Lurra laua denik. Argazki horrek, besterik gabe, 200.000 $ baino gehiago balio izango luke.

4) 1967tik 1972ra bitartean 17 espedizio, zeinetatik sei ilargiraino bertaraino iritsi ziren.

5) Apollo astronauts who walked on the Moon.

Artemis 1, 2 eta 3
Lehen aldia: Artemis 1, 2 eta 3. Ilargira heltzeko, 2023-24/25

Artemis 4, 5, 6 eta 7
Bigarren aldia: Artemis 4, 5, 6 eta 7. Martera bidea prestatzeko, 2025-2029.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: