ETA armagabetu? Hobe luke behingoz desegin
Kaleratu berri diren azken datuen arabera, 110 milioi euro inguru bildu omen zituen ETAk, lau hamarkadan zehar egindako bahiketez eta iraultza-zergez. Gutxiago balitz ere, nago ez ote litzatekeen zentzuzkoa izango hainbat urte luzez mehatxuz bildutako dirua itzultzea, euskal gizartearen zorioneko bizikidetzaren eta normaltasunaren izenean.
Behar bada eskakizun honek ez luke aurrerabiderik izango ETAk bere burua desegingo balu baina, zer gerta ere, indarrean jarraitzen duenez gero (eta antolakuntza gisa desegiteko gogo gutxi, nonbait), esan gabe doa oraingo arduradunek aurrekoen erantzukizunaren ardura izaten jarraitzen dutela, onerako (?) zein txarrerako.
Zalantza gutxi gero, mehatxupean bildutako diruaz osatu ahal izan zituela ETAk bere hainbat urtetako aurrekontuak. Segurutik, ondo dago gaizki eginak aitortzea eta, behar bada, baita barka eskatzea ere. Baina mehatxupean --legez kanpo eta era arbitrarioaz— bildutakoa non dago? Gordeta? Xahutua? Eta erabat xahutua balego ere, ahitutzat eman behar al dira erantzukizunak?
Bada gehiago. Agian, erantzulerik zuzenenak ETAkideak dira; baina, zer esan iraultza-zergaren bilketa-lanetan parte hartu zuten laguntzaile guztien erantzukizunaz?
Eta, aldi berean, zer esan bahiketak eta iraultza-zergak gerarazteko besteko agintea izan arren, gerarazi nahi izan ez zuten buruzagiez? Kasu honetan ez al dago ezartzerik honelakoetan gogoan izan ohi den “colaboradores necesarios” delako kontzeptua?
Nik, behintzat, ETArekin zer ikusirik banu, albait bizkorren antolakuntza desegingo nuke, inork zorrak ordaintzeko eskatzen hasi aurretik.
Zaindu!!