Estatu Batuen kontatubako historia
Oliver Stone zuzendariak betidanik hartu izan ditu estu samar Etxe Zuriaren bertsio ofizialak. Gogoan izan, esaterako, bere aurreko JFK (1991) eta Nixon (1995) dokumentalak, Watergate zein Kennedyren erailketa aztertuz.
Oraingoan, berriz, Bigarren Mundu Gerratik honako hamar (hamabi?) pasarte esanguratsu ditu aztergai: 1- Bigarren Mundu Gerra. 2- Roosvelts, Truman & Wallace. 3-Bonba atomikoa. 4- Gerra Hotza, 1945-1950. 5-1950eko hamarkada. 6- JFK, amildegian. 7- Johnson, Nixon eta Vietnam. Von Bulow misterioa. 8- Reagan, Gorbachov eta Hirugarren Mundua. Eskuinaren matxinada. 9- Bush eta Clinton, alferrik galdutako aukera. Mundu Ordena Berria. 10- Bush eta Obama: terrore-garaia. Horrez gainera, Donostian azaldu arren, non-nahi agertaraziko ez diren beste bi atal ere badira, antza.
Oliver Stone bera izan zen atzo, ustekabean (ez zen aurrez agertuko zenik iragarri), lehen atal biak aurkezten eta ondorengo eztabaidan bertatik bertara parte hartzen. Ez zuen, gainera, amaitzeko batere presarik erakutsi. Haren ustez, gaur egun eskoletan irakasten den historiak ez omen du zer ikusirik benetan gertatu zenarekin. Ez digute dena kontatu, kontatu diguten guztia ez da egia eta Ipar Ameriketako historia ofiziala berrikusi beharko litzateke.
Esan bezala, atal guztiak, binaka, Zinemaldian zehar ikusi ahal izango dira. Azken biak datorren larunbat arratsaldean aurkeztuko dira Trueba zineman eta Olivier Stone bera bertaratuko omen da ikusentzuleen galderei erantzuteko. Zinemaldiari jaramonik egingo badiogu, hamabi atal ikusi ahal izango dira Donostian. Eta Stonek berak esan bezala, hamar dira Zinemaldiz kanpo zabalduko direnak.
TVE2 honezkero ari da iragartzen “laster” eskainiko dituela hamar atal. Hala ere, esan gabe doa, honezkero sarean daudela ageriko hamarrak.
Oliver Stone atzo, Kursaalean (K.Irizar argazkia)