Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Estaldurak estaldura, estali ezinezko ajeak

Estaldurak estaldura, estali ezinezko ajeak

Amatiño 2022/07/26 08:15
Telefono-estaldura gehiago eskaintzen duten hainbat iragarkiren atzean euskal 'jatorrismo' baboaren zantzuak daude eta, gaztelaniaz, inoren belarriak mindu nahi ez izanaren leunkeria.

Euskaltelek 5G sare-zerbitzuari ekin diola-eta, teknologia mugikor berriari esker konektagarritasuna, lastertasuna eta irisgarritasuna gehitu ditu eta, ondorioz, estaldura areagotu. Hain zuzen, estaldura-areagotze hau baliatu nahi izan du Derioko operatzaileak, 4Gtik 5Gra pasatzeak dakartzan abantailak erabiltzailearen aurrean nabarmentzeko.

Estaldura gehitzeak darakarren aldaketa hitz gutxitan adierazteko, Euskaltelek hainbat iragarki moldatu eta plazaratu ditu, euskaraz eta gaztelaniaz, irratiz zein telebistaz.

Batez beste, mezu orokorra zera da: telefono-erabiltzailea ari da, nonbait, ohiko estaldurarik itxaron ez duen inguru-minguru ainubeetan eta horra non, bat-batean ezusteko seinalea sartzen zaion. Ustekabeko estaldura duela sumatu ahala, hiru dira erabiltzaile harrituen erreakzioak, bi gaztelaniaz eta beste bat euskaraz.

  Vaya… Un mensaje! (neska, mendi-tontorrean).

  Ostras… el jefe! (mutila, lan-giroan).

  Jode… harrapatu nau! (neska, kalean).

Zentzuz, hiru erreakzioak berdintsu samarrak dira. Hiruak dira, oro har, elkarrekin aldatzeko modukoak eta, seguru gero, egindako aukerak denboraz pentsatu eta aztertu ondoren hartutakoak direla. Baina, ba al dago, euskararen ikuspegitik, hiru formulok erabaki dituztenen logika antzematerik?

Alegia, vaya interjekzio guztiz leuna da, ostras indartsuagoa eta jode zakarragoa. Egin beharreko galdera, berriz: zergatik aukerarik zakarrena euskaraz jarri, hain zuzen ere euskaraz ez den hitz batez?

Vaya-ren pareko lirateke hara, tira eta ene ba. Eta ostras-en mailakoak, arraioa, demontre,  kontxo  edo kaka zaharra. Zergatik ez horietako edozein euskaraz erabili eta jodé gaztelaniaz jarri?

Zenbaitek esan dezake jode era arrunt erabilia dela euskaraz eta ez dagoela itxurakeria hutsez eufemismo gozagarritan aritu beharrik. Kontua da, ordea, jodé euskaraz bezain arrunta edo gehiago dela gaztelaniaz eta, hartara, zergatik gaztelaniaz leunkeriatan aritu? Gainera, eufemismoak baztertzekotan, zergatik ez, ostras esan beharrean, zuzen zuzenean ostias esan, eta kito? “Ostias… el jefe?” ez ote litzateke gaur egun ohikoago, aproposago eta sinesgarriago?

Ene iritziz, hiru esaldi horien hautuaren atzetik euskal 'jatorrismo' baboaren zantzuak daude eta, gaztelaniaz, inor mindu nahi ez izanaren zuhurtzia formala. 

Funtsean, estaldurak estaldura, erabakiak euskararen kanpotik hartu izanak azaleratzen dituen estali ezinezko ajeak.

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2022/08/02 16:16
Demontre, Amatiño, izkribu paregabea atera zaizu, zorionak!

Elhuyarrek "arraiopola" ere sartu du "ostras"en ordaintzat, baina ez da inondik inora zuk aipatutakoak bezain erabilia.

Hara, kasualitatea, hau idazten ari nintzela jaso dut preseski zure erantzuna.

(Bide batez, "hara", gure aiton-amonek barra-barra erabilia, hain polita, eta gero eta zokoratuago... Zure testua lagungarri da hizkuntzaren kontzientzia hartzeko orduan, graziaz aparte. Mila esker!)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: