Espiritualitate laikoa
Duela ia hogeita hamar urte (1982) Txuma Lasagabasterrek euskal idazleei leporatu izan omen zien, teknika narratiboen jabe izan arren “ez zekitela zer kontatu edo ez zutela zer kontaturik”. Ez dakit zer esango ote duen orain kritikariak, Mikel Hernández Abaituaren oroitzapen autobiografikoa irakurri ostean, baina ezin esan behintzat gasteiztarraren etengabeko narrazio laster hau formen inflaziotan galtzen denik, hasi eta buka artez arte, borborka, isurtzen baizik.
Koldo Mitxelenaren erudizioa, Jon Juaristiren depresioa, Patxi Altunaren alderdi-pasioa, Bernardo Atxagaren auto-aldaketa, Mikel Antzaren fintasun hauskorra, Lourdes Oñederraren erakargarritasuna edo Ramon Saizarbitoriaren kolonia usaintsua… artista da gero Mikel bizpahiru hitzez sekulako soslai adierazgarriak bezain esanguratsuak laburbiltzen. Baita unean uneko zenbait bat-bateko inpresio minimalista gogorarazten ere: erredakzio itxurarik gabeko Zeruko Argiaren erredakzioa, abertzale ezkertiarra ez izatearen bekatu mortala edo Harluxet Fundazioaren entziklopediaren aukera-maukera.
Nabarmen-nabarmenak, berriz, idazlearen patxada, ausardia, umorea, baloreen balioa, on-hustasuna, gainontzeko guztiekiko begirunea... Mikel Hernández Abaituaren Azukre xehea, gatz larria (Alberdania, 2010) pelikulako aktore-aktoresen artean denetarik dago, jakina, baina bat bera ere ez da gaiztoa. Eta dagokeen bakarra edo, kronikaria hunkitzeko gauza da.
Aukeratutako zenbait kokapen fisikoak dira --Gasteiz, Elgoibar, Bergara edo Donostia tarteko--, beste hainbat, ostera, dezente birtualagoak, Egan, Jakin, Zeruko Argia, Ustela, Susa, Pott edo Oh Euzkadi! esaterako. Eta sekuentziak, berriz, 1980ko euskal idazlerik ezagunenen literatura-emaitzak. Jakina, bastidore artean, agerikoa kristoren drama, makinatxo bat gertakari latz, thriller bat baino gehiago egiteko lain.
Bakeak egingo diren egunean, nik ez nuke Mikel Hernández Abaituak inondik ere galdu ez duen espiritualitate laiko horretatik urrunegi egon nahi.
Liburuaren azalean gitarra jotzen ageri da. Argazkia orain dela 25 urtekoa da, eta garai hartan disko bat grabatzekotan egon zen, baina asmoa ez zuen gauzatu. Elkar disketxean esan zioten taldea osatzen hasteko, ahalegindu zen, baina segituan konturatu literatura eta musika ez zirela bateragarriak, eta literaturara itzuli zen (DV. Felix Ibargutxi)