Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / KGBa nagusi, errusiar polizia-estatuan

KGBa nagusi, errusiar polizia-estatuan

Amatiño 2022/04/12 12:55
Catherine Belton kazetariaren kontakizun jariotsuak ez du ajerik, xehetasunetan lar lorrintzea baino; baina, edozein modutan, bilduma oparoa, oparoegia. Putinen jokamoldeak ez ezik, liburuak bilbatzen du errusiar belaunaldi oso baten nondik norakoa ulertzeko informazio-kutxa apartekoa. Fikzio sinesgaitza. Thriller peto-petoa. Baina, orobat, bertatik bertara dagoen errealitatea. Oilo-ipurdia jartzeko bestekoa.

Ez naiz ni liburu-mota honen zale. Aitortu behar dut ez nukeela sekula erosiko, aurreko martxoaren 25ean, ostiral gauez, ustekabean parean egokitu izan ez balitzait ETB2n, Mikel Reparazen aurkezpen eta guzti, “Putin: de espia a presidente” (BBC, 2020) dokumentala. Ordu erditxoren bat izango zelakoan, ia hiru ordu iraun zuen, beste horrenbeste ataletan.  Mundiala. Aspaldian ETB2n ikusi dudan ekoizpenik interesgarrienetakoa eta, 22 urte lehenago (2000ko martxoaren 26ko errusiar hauteskunde-gauean) Putinek Yeltsini, Vitaly Mansky ekoizlearen kameraren aurrean ("Svidetely Putina", 2018),  kale egin zioneko grabazio bitxia, telebistan inoiz ikusitako gutxiespenik lotsagarrienetakoa. Benetako Putin ezagutzen hasteko lehen aurkezpen-txartel adierazgarria. Demasa.

Ildo beretik, Los hombres de Putin. Cómo el KGB se apoderó de Rusia y se enfrentó a Occidente” (Barcelona, 2022) liburua ia-ia da Putinen azken hiru hamarkadotako nobela entziklopedikoa. Catherine Belton kazetariaren kontakizun joriak ez du ajerik, xehetasunetan lar lorrintzea baino, baina, edozein modutan, bilduma naro eta oparoa. Putinen zertzeladak eta jokamoldeak ez ezik, Errusiaren belaunaldi oso baten nondik norakoa ulertzeko informazio-kutxa apartekoa iruten duen idazlana.

Errusia gure mendebalde honetako ekosistematik kanpo aritu izan denez, ia-ia ahaztu egin zaigu, Euskadin lau lehendakari kateatu ditugun bitartean,  historia gogotik aldatu dela hainbat aldiz Moskuren galaxian: Mijail Gorbachoven Perestroika (1985), Berlingo harresiaren suntsiketa (1989), bi Alemanien batasuna (1990), Batasun Sobietarraren desegitea (1991), Boris Yeltsinek indarrean jarritako merkatu-ekonomia (1991-1999) eta Vladimir Putinek, "silovik" (1) deritzaten funtzionari-politikoen laguntzaz,   berreskuratu duen polizia-estatu errusiarra. 

Putinek prozesu hori guztia ezagutu du barrutik, ez baitzen alferrik KGBko polizia izan Dresden (Ekialdeko Alemania), lehenik, eta  "San Petersburgoko mafiaren" ardatza, gero,  Moskura heldu aurretik. Eta zera da, laburbilduz, Catherine Beltonek jasotako istorioaren muina, alegia: nola Gorbachoven Perestroikaren ondotik Yeltsinek banatu zituen Errusiaren ondare publikoak oligarken artean, eta nola Putinek txirikordatu duen isilpeko korrupzio-sistema sasilegezkoa, oligarkekin egindako itunaz: nik ez dizuet esango zelan eta zenbat aberastu nahi duzuen, eta zuek ez didazue esango nik zer politika egin behar dudan. Eta biak, mugarik gabeko aberasbidea zein batere kritikarik gabeko politikagintza, KGBren zelatan.

Putinismoa da Errusiaren trantsizio demokratikoaren porrotaren ondorioa. Errusiak ez dio etsi ahal izan inperio-tradizioari. Inperio monarkikoa izan zen tsarrena; inperio komunista,  batasun sobietarra; eta  polizia-inperioa, orain, Putin gudariaren gidaritzapean Errusiaren nazioarteko prestigioa berreskuratu nahi duena. 

(1) "Silovik" deritzate, errusiar nomenklaturan, polizian, armadan edo bestelako segurtasun-indarren batean funtzionario izan ostean, politikan sartzen direnei. 2019 urtean 4,5 milioi "silovik" omen zeuden Errusian, lan egiteko adina duten hiritar guztien %6a

Putin
ETB2k eskainitako BBCren dokumentala
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: