Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Esperimentuak eta ohiberritzeak, gaseosaz hobe

Esperimentuak eta ohiberritzeak, gaseosaz hobe

Amatiño 2016/12/19 23:55
Orkestrak Ramon Lazkanoren erestia (Ravel – Scènes) amaitu bezain laster, aurreko eserlekuan nuen emakumeak galdetu zion senarrari, errietan egingo balio bezala: “¿Tú sabías que este concierto iba a ser así?” Gizonak, mutu, hasperenka, bizkarra jaso zuen, etsita eta asper-asper eginda, damuak jota edo. Bitartean, berrogeitaka entzulek jarrilekua utzi eta alde egin zuten.

Igande iluntzeko kontzertuaren titulua zen Ohiberritze, non ohi etenik gabeko mugimendua den eta berritzek berpizkundearen ideia adierazten. “Ohiberritze, horretara, euskal hizkuntza eta kulturaren berpizkunde etengabea da”. Bapo. Ze polita!

Bai, Ravel Ziburun jaioa zen eta zortzikoak omen zituen maite… Bai, Ramon Lazkano musikaria euskalduna da eta konponitzen dituen hots kriptikoek eta ozenek izango dute, segurutik, euskal oihartzunen bat edo beste... Bai, Zuberoako kantariak, dantzariak eta txirulariak errotik dira euskal esentzien oinorde eta ez dute nortasun agiririk frogatu beharrik…

Baina, hala ere, Ravelen biolin, biolontxelo eta pianorako hirukotea, Lazkanoren musika garaikidea eta Zuberoako herri-doinuak elkarrekin uztartzerik ba al dago? Beste modu batez esanda, elkarrekin taularatzeari dagokion estrategia fisiko hutsak ikuskizun kolektiboari leriokeen kimika limurgarririk eragin ote dezake?

Aitor dezagun... Hiru sintonia horiek elkarrekin bilbatzea kristoren asmakizuna da ala programa friki samarra osatzeko komenentziazko outleta? Atzoko jaialdiaren zatikako balio objektiboak zalantzan jartzeke, ikusentzulearen iritzi subjektiboari ez ote zaio begirunerik zor?

Nago, “Ohiberritzeak”, esperimentuak bezalaxe, gaseosaz egin behar direla. Ez, behintzat, ikusentzuleen borondate onaren bizkar eta haien denboraren zein diruaren kontura.

Batere soinurik gabeko dantza-jauzi zuberotarrez amaitzen ari zelarik kontzertua, ikusentzule baten oihuak aldarrikatu zuen Kursaal areto nagusian barrena: MUSIKAAA!!!

Zinez,  Donostia 2016 Kultura Hiriburutzaren alegoria zorrotza suertatu zen kontzertu osoa. Ezta nahita ere adierazgarriagorik... 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: