Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / España Foral

España Foral

Amatiño 2015/10/02 00:05
“Foru-nazioa” proposatu du Urkullu lehendakariak eta José Antonio Pastor bozeramaile sozialistak, berriz, “Mortadelo eta Filemon”en txorakeria erromantiko eta patetikotzat jo. Auskalo oinarri politikorik ote duen lehendakariaren formulak eta, zalantzarik gabe, zilegi da ez onartzea, kritikatzea eta hoberik eskaintzea, baina, nago, iseka-era horrek ez diola batere onik egiten Pastorri berari, ezta mesederik ere euskal alderdi sozialistari.

Lehen eta behingoz, espainiar Konstituzioaren defendatzaileek ezin izango dute esan lau euskal herrialdeak foru-herrialdeak ez direnik: “La Constitución ampara y respeta los derechos históricos de los territorios forales”. Lau euskal lurraldeak hain zuzen ere, ez gehiago eta ez gutxiago.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa foru-lurraldeak dira, eta ez nazioak, baina aldez aurretik Estatua izan den Nafarroari nekez ukatuko dio inork naziotasunik. Ez dirudi gehiegikeria denik “foru-nazioa” deitzea, oraindik ere foru-erregimenaz baliatu eta Foru Polizia izateaz gainera, 1841 arte aduanak eta moneta izan zituen Erresuma Zaharrari.

Bapo, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa foru-lurraldeak direnik ez dago zalantzan. Ezta Nafarroa nazioa denik ere. Koska da nonbait, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa foru-lurraldeak, bakoitza bere aldetik nazio ez izan arren, foru-nazioa den nafar lurraldearekin elkartuz gero, lauek foru-naziorik osatzerik izango ote luketen. Eta formula horrek, lau euskal lurraldeei nolabaiteko txapel bateratua eskaintzeaz gainera, bizikidetzarik bideratzeko aproposa izango ote litzatekeen espainiar Estatuaren baitan.

“España forala” ez da batere berria, 1850 urteko mapa politikoa besterik ez da. Behar bada ez du egungo espainiar eskuinak onartuko baina, segurutik, Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta... Kataluniako herritarrik gehienek, bai.

Nago Kataluniako sozialistek aitaren batean onartuko luketela 1850 urteko mapa horri darion filosofía. Kontua da, ordea, zer egingo ote luketen euskal sozialistek. Bistan da, denak José Antonio Pastor bezalakoak balira, muzin egingo lioketela. Baina pentsatzekoa ere bada, denak ez direla bera bezalakoak.

España Foral

Dena asmatuta dago: "España uniforme o puramente constitucional", "España foral", "España incorporada o asimilada" eta "España colonial". Azken hau joan zen, eta aurrekorik ere joango da, Espainia konstituzionalak argi eta denboraz jokatzen ez baldin badu.

jaime
jaime dio:
2015/10/02 23:19
Egia esan, “euskal foru-nazioa” delako hau entzun nuenean, pentsatu nuen nirekiko: To! Zer uste du horrek? Bolbora asmatu duela? Badakigu jakin EAE euskal nazio dela foruen bidez antolatua! Nihil novum sub solem!
Haserre xamar geratu nintzen. Gero, beranduago, lasaitasuna itzuli zitzaidanean, flash batek jota bezala, konturatu nintzen oker nenbilela: Jakina motel! kontuan hartuta Nafarroako gobernua abertzaleen esku dagoela, askoz errazago onar lezaketek Nafarroako foruzaleek, batez ere erriberakoek, EAE foruzale batekin erakunde partekatuan harreman estuak edukitzea EAE independentista batekin baino. Ez lukek gauerdiko ahuntz baten eztula izango “Laurak-bat” lortzea! Ez horixe!
Jakina, erakunde berri honen egoitza eta hiriburua Iruña izango litzateke. Beraz, bridatu beharko litzateke betikoen bilbotartasuna, benetako abertzale baldin bagara, noski!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: