Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Espainia gipuzkoartu

Espainia gipuzkoartu

Amatiño 2017/12/19 09:00
Francok 1939an gerra irabazi eta, diktaduraren lehen ordezkaria estreinako sartu zenean Gipuzkoako Diputazioaren jauregian, zera esan zuen, harro asko, hitzez hitz: “Aquí venimos, a ver si españolizamos Gipuzkoa”. Eta bertan zegoen Ramon Pagola errepidetako zuzendariak erantzun zion apal baina buruaren jabe: “Y… no sería mejor guipuzcoanizar España?”.

Ostegunean, Kataluniako hauteskundeak izango dira eta, bihar, hausnar-eguna. Euskal Herrian ere hausnarrean dihardugu, azken bi hilabeteotan. Ikerketei jaramonik egingo badiegu, zortzi astebetean pasatu gara Katalunia eredutzat jotzetik, hango prozesua uxatzera.

Kataluniaren eta Euskadiren arteko aldeak aztertzerakoan, zenbaitek euskal kontzertu ekonomikoa aipatu ohi du arrazoi nagusitzat, baina benetako arrazoi-iturria kontzertua bera baino hainbat mende zaharragoa da. Inor gutxik esan arren, benetako arrazoia da, Espainiak ez duela Hego Euskal Herrian sekula zergarik bildu –inoiz ere ez, Araban eta Nafarroan, eta Bizkaian eta Gipuzkoan, Francoren diktadurapean besterik ez--. Eta, aldiz, Katalunian, zerga-biltzailea Espainiako gobernua izan dela beti, baita orain berrehun urteko lehen konstituzioaren aurretik ere.

Hau da, nahiz Gasteizko eta Iruñeko parlamentuek sekula independentziarik ez erabaki, Hego Euskal Herriko lau foru-diputazioek betidanik bildu izan dituzte gure zergak; eta, alderantziz, Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu arren, ez zukeen, nahita ere, zergak biltzeko modurik ere izango.

Azken gerra karlista 1876an amaitu zenean, Canovas ministro kontserbadoreak kontzertu ekonomikoa adostu zuen euskal diputazioekin. Sagasta buruzagi liberala, ordea, kontra azaldu zen; gerra irabazi izanaz baliatu nahi zuen… foru-zantzu guztiak behingoz kendu eta kitto. Baina, Canovasek erantzun zion euskal administrazioa bikaina zela, bikainik bazen, eta ez zuela zentzurik ondo funtzionatzen zuena kentzea, erdipurdika funtzionatzen zuenarekin parekatzeko.

Mende t´erdi geroago, Alderdi Popularreko Montoro ministroak ere antzerako zerbait aditzera eman du. Hau da: kontzertu ekonomikoa ez dela, zer gerta ere, edozein modutan iraun dezakeen sistema, baizik eta… ondo funtzionatzen jarraitzen baldin badu baino ez.

Egia da, kontzertu ekonomikoa ondo funtzionatzeko metodoa, euskal erakundeek jarri beharko dutela indarrean, baina ez ahaztu gero, haren konplimendua ez dutela erakundeek soilik bete behar, baita herritar guztiek ere. Eta horretarako, hasteko, onuragarri zaigun sistemaz sinetsi behar dugu, eta, gero, praktikan lotsagabe defenditu, gure-gurea denez gero.

Francok 1939an gerra irabazi eta, diktaduraren lehen ordezkaria estreinako sartu zenean Gipuzkoako Diputazioaren jauregian, zera esan zuen, harro asko, hitzez hitz: “Aquí venimos, a ver si españolizamos Gipuzkoa”. Eta bertan zegoen Ramon Pagola errepidetako zuzendariak erantzun zion apal baina buruaren jabe: “Y… no sería mejor guipuzcoanizar España?”.

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: