Espainia eta Frantziaren arteko oliobiderik eza
Frantziako findegiak egunotan izaten ari diren zerbitzu-eragozpenak direla eta, hainbat komunikabidek galdetzen du findegi espainiarrek gasolina zerbitzen ote diharduten. Galderari ez zaio segurutik logikarik falta, baina bai, behar bada, oinarri-oinarrizko informaziorik, ez baitago gaur-gaurkoz Espainia eta Frantziaren arteko batere oliobiderik.
Izan ere, Espainia eta Frantziaren arteko energia-azpiegitura elkartua ezer gutxi dago garatua. Arrazoiak hainbat dira. Batetik, Frantzia betidanik egon izan da ipar Europara begira. Bestetik, Espainiaren hainbat urtetako autarkiak ondorio latzak izan ditu. Horrez gainera, segurutik Pirinioetako mendikateak ez du historian zehar zubigintzarik erraztu eta, azken bolada honetan, ekologia-aldarriek ere –batzutan arrazoiz eta beste batzutan ez horrenbestez— ez dute batere lagundu.
Duela hogeita hamar urte arte, Euskal Autonomia Erkidegoa Aljeriatik Espainia barrena zetorren gasaren azken muturra zen, frantsesez “cul-de-sac” esaten dutena, hau da zerbitzua segurtatzeko geoestrategiaz azkena. Euskal Energia Erankundeak azken hiru hamarkadotan eragindako egitasmoaren ondotik, berriz, Euskadi nolabaiteko trianguluaren ardatzean kokatu da egun. Mendebaldetik, Trinidad-Tobagotik Zierbenaraino itsasontziz iristen den gas likidoa; hegoaldetik, Ebro sakanean zehar datorren gas aljeriarra; eta iparralderantza, berriz, Euskadour sarea, Akitaniarekin lotzen gaituena.
Petrolio-merkatuan ez dago, ordea, gas-sarearen parekorik. Ez Euskal Herrian, ez Espainian zein Frantzian, ezta Europa guztian ere. Laburbilduz, onerako zein txarrerako, ez dago penintsulako eta kontinenteko findegien arteko loturarik.
Espainiako petrolio-hodi sarea
Mendebaldeko Europaren oliobideak
Mendebaldeko Europa bereko gas-hodi sarea, Euskadour tarteko