Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eskuinaz txapela pasatu

Eskuinaz txapela pasatu

Amatiño 2011/03/06 12:00
Gipuzkoak ezin duena aldarrikatu zera da: aurrenik, enpresa txikien epikaz harrotu, gero kooperatiben lirikaz loratu, ondoren energia-ekoizpena beste bi lurraldeen bizkar bota eta, azkenik, progresiaren eta ekologiaren bandera ezker-eskuan hartuta eskuinaz txapela pasatu.

Gipuzkoako diru-baliabideak Arabakoak eta Bizkaikoak baino %14 murritzagoak izan dira biztanleko 2010 urtean. Ez da kontu berria. Azken bospasei urteotan Gipuzkoak legokiokeen baino gutxiago biltzen dihardu zergatan eta, nonbait, erabaki zorrotzik hartzen ez baldin bada, egoera konpondu ezezik larriagotu egingo omen da.

Behar baino gutxiago bildu izanaren oinarrizko arrazoia Gipuzkoaren beraren egitura ekonomikoan dago. Esaterako, enpresa gipuzkoarrak arabarrak eta bizkaitarrak baino txikiagoak dira eta, ondorioz, krisialdiak larriago jo omen ditu. Bestetik, Gipuzkoan beste ezein lurraldetan baino kooperatiba gehiago dagoenez gero eta kooperatibek zerga gutxiago ordaintzen dutenez, zerga-bilketa ere urriagoa da. Horrez gainera, Gipuzkoan ez dago Araban eta Bizkaian dauden energia-enpresa handien parekorik eta zerga-balantza haren kaltetan gertatzen ari da.

Hiru lurraldeen arteko orekarik eza konpontzeko hainbat erabaki sakon hartu beharko omen lirateke beranduegi baino lehen. Ez dakit nik zein izan daitekeen aterabidea baina, daukat, Gipuzkoako enpresak txikiak baldin badira, kooperatibak ugari eta energia-enpresak urri, egoera ez dela ustebakoa, gipuzkoarrek horrela nahi izan dutena baino.

Alegia, arazoak konponbide bi baino ez dituela: edo Gipuzkoan enpresak hazi egiten dira, kooperatibak murriztu eta energia-enpresak eraiki; edo Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak euren arteko banaketak berrarautzen dituzte, Gipuzkoako enpresa txikien eragozpenek, kooperatiben abantailek eta energia-mentsak eragiten duten faktura beste bi lurraldeei leporatuz.

Jakin ez dakit gipuzkoarrek lehen aukera onartuko ote luketen. Susmoa dut ezetz. Baina, behar bada, ezta arabarrek eta bizkaitarrek ere bigarrena onetsiko. Gipuzkoak ezin duena aldarrikatu zera da: aurrenik, enpresa txikien epikaz harrotu, gero kooperatiben lirikaz loratu, ondoren energia-ekoizpena beste bi lurraldeen bizkar bota eta, azkenik, progresiaren eta ekologiaren bandera ezker-eskuan hartuta eskuinaz txapela pasatu. 

                       recaudacion2010

                                                                         Zerga-bilketa, 2010

etiketak: zerga-bilketa
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: