Eskolatik etortzeko ordua
Orain 35 urte, 1976ko urriaren 18an, José Luis Aranguren irakasleak hamaika urte lehenago epaimahai faxista batek kendu zion Etika eta Soziologia katedra berreskuratu zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutensean. Ikaslez eta argazkilariz inguratuta, Aranguren katedradunak harako esaldi hura gogorarazi zuen: “Decíamos ayer…”.
Ia laurehun urte lehenago anaia Luis Leongoa izan zen Inkisizioaren aginduz bost urte preso egon eta, kartzelatik atera ostean, “atzo genioenez…” esanez hitzaldiari ekin ziona.
“Atzo genioenez…” delako esaldi honek denboraren eta gertakarien erlatibotasuna adierazten du, besteak beste. Alegia, bizitza luzea dela, gertaera guztiek ez dutela eragin berbera, eta norberak erabaki ez ditzakeen pasarteetan ez duela esne-berbetan jarduterik merezi.
Euskaraz ez dugu segurutik anaia Luis Leongoa edo José Luis L. Aranguren bezalako intelektual askorik baina “atzo genioenez…” entzuten dudan bakoitzean ni Jose Mari Iparragirreren amaz (Manuel Francisca Balerdi) gogoratu izaten naiz.
Antza denez, eskolara atera zen egunen batean kalejiran zihoazen kasaka gorriez liluratu eta euren atzetik alde egin zuen "Gernikako Arbola"ren sortzaileak. Karlisten gudarostean sartu, armetan jarri, tirokatua izan, gerra amaitu ostean Frantziara atzerriratu, hainbat urte Europan zehar firin-faran ibili, Parisen zein Londresen amorantez amorante jardun eta, hogei urteren bueltan etxeko sukaldean sartu zenean, amak esan omen zion: “Baina, Joxe Mari, hau al dek eskolatik etortzeko ordua?”.
Madril, 1932