Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Esklabo ahantzien uhartea

Esklabo ahantzien uhartea

Amatiño 2017/09/16 00:05
Mila metrotik gorako basoan haziak eta heziak ziren, beltzak eta esklaboak. Baina hamabost urte iraun zuten, Hondarribiko aireportuaren neurriko-edo uharte galduan. Gai izan ziren lurpean ura aurkitzeko, sua isiotu eta hamabost urtean piztuta iraunarazteko, hareaz eta koralez hesiak egiteko eta, olatu-zurrunbilo guztien gainetik eta haize-zirimola guztien azpitik, nolabaiteko zibilizazio txiki bat eraikitzeko. Esklabo ahantzien historia omen… Baita, bide batez, euskal “negreroen” historia ahantzia ere
Esklabo ahantzien uhartea

Uharte galdua

Dena 1760an hasi zen. “L´utile” itsasontzia Baionan egin, Pasaian eskifaia osatu (guztira, 142 marinel), Madagaskarren 160 esklabo erosi eta Reunion zein Maurizio uharteetarantz abiatu, hango plantazioetan esku-lan gisa saltzeko asmotan.

"L'utile" ez zen sekula heldu. 1761eko uztailaren 31ko gau ilunean, mapetan sumatu ere sumatu ez zuten uharte ezezagun baten haitzetan barrena jo eta itsasbazterrean ondoratu zen. Antza denez, oro har, 123 marinel eta 80 inguru esklabo onez atera ziren.

Geroztik, ondoko bi hilabetean gauza izan ziren hautsitako itsasontziaren hagez berregiteko potin eta batelen bat, non abiatu ziren europar guztiak, esklabo afrikarrak bertan laga eta euren bila itzuliko zirela agindu ostean.

Madagaskarrera itzuli ziren, baina ez, ordea, uharte galdura berriro bueltatu, ez baitzuten hartarako beharrezko baimenik eta dirurik lortu, esklabo-jendeak halako ahaleginik merezi ez zuelakoan.

Hamabost urte geroago, 1776an, “Dauphine” itsasontzia bertaratu zen Tromelin kapitainaren (hora zergatik uhartearen izena) agintepean, eta zazpi emakume eta zortzi hilabeteko haurra aurkitu zituzten bizirik.

Bi mende luze geroago, 2007-2013 urteetan hainbat arkeologi-eskabazio egin ziren eta aurkitutako aztarrenak dira, gaur egun, Baionako Euskal Museoan azaro arte ikusi ahal izango direnak.

Esklabo ahantzien historia omen… Baita, bide batez, euskal “negreroen” historia ahantzia ere.

tromelin5

Tromelin uhartea, aireportu eta guzti, plater zapalaren pare

Tromelin1

Hareaz eta koralez eraikitako hesiak

Tromelin2 

Erabili zituzten lanabesak

Tromilin4

Baionako Euskal Museoan bildutako hainbat erakusleiho

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: