Eskiula
Hiru Erregeren Mahaia edo Auñamendi baino ekialderago, Eskiula Biarnon dago, Oloroetik zazpi kilometrora baino ez. Euskaltzaindiak 1998an egin zuen Zuberoako Herri Izendegia eta Eskiula sartu zuen tarteko, nahiz eta zehaztu Eskiula ez zela Zuberoa. Euskaltzaindiak esan zuen Eskiula ez zela Zuberoa, ez zen ostera ausartu Euskal Herria ez zenik esaten.
Biarnotarra denez gero, Eskiula ez da Iparraldeko Euskal Udal Kontseiluaren partaide, baina herri barruan sartu baino ez dago konturatzeko ez duela bere euskalduntasuna saltzeko. Sarreran bertan, frantsesez gainera, Esquiule, herri-izena euskaraz adierazten duen kartela, Eskiula, euskal moldeetan idatzia.
Bestetik, Herriko Etxean, hiru ikurrinak, Europakoa, Frantziakoa zein Euskadikoa eta, eliza alboko hilerrian, euskal abizenak nagusi hilobietan, euskarazko “othoitzak” eta guzti, “gure ama maitiari” eta gainerako senideen “orhoitzapenetan”.
Ez da orain giro Eskiulan, ez behintzat udan besteko girorik. Abuztuko jaiak dira Eskiulako onenak, Baiona, Iruñea zein Oloroeko bisitariak biltzen ahalegintzen direnak.
Eskual jeiak mintzo direnian,
Eskula beti da aitzinian.
Egün ereinten dügün azia,
bihar date o giure frütia
Frantziar Iraultzaren ondotik eragindako kantonamendu-banaketa indarrean jarri zenean, Eskiula Biarnoko Aramits-en baitan geratu zen. Hala ere, 1796ko urtarrilaren 23an egin zen erreferendumean, eskiulatarrek --74 alde, 11 kontra-- Barkoxeko kantonamenduan sartzea eskatu zuten. Baina eskakizun hau ez du Estatu frantsesak sekula onetsi.