Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kexa aroa: eskari asko eta emari gutxi

Kexa aroa: eskari asko eta emari gutxi

Amatiño 2023/07/07 15:35
Hogeitaka urte kazetari-lanetan Erroman jardundako Iñazio Arregiri (Oñati 1931-Loiola, 2020) entzun nion mende honen hasieran-edo: “niri egokitu zaidan heinean, munduan barrena euren herriaz harroxkoen hitz egin ohi dutenak euskaldunak dira; eta, aldi berean, baita euskaldunak ere, munduan zehar euren herriaz inork esan dezakeenaz gehien arduratzen direnak”.

Mundua zabala da, eta Iñazio Arregi zenaren ustea, iritzi pertsonala besterik ez; baina ni Oñatiko jesuitaz gogoratu naiz, hainbeste euskaldun Tourraren irteeran guztiz liluraturik ikusita.

Segurutik kazetaritza ikasitako lehen euskaldunetakoa (1), euskal irratigintzaren aitzindarietakoa (2), euskarazko irrati publikoaren aurrenengo zuzendari (3), eta munduko irratirik hedatuenetakoaren (4) nazioarteko albistegi-buru, Iñazio Arregik irratigintzako master-irakasle (5) izaten amaitu zuen, duela hogeiren bat urte erretiroa hartu arte, 70 urte ondo beteak zituela.

Arregik mundua eta mundutarrak ezagutzen zituen, Erromatik askorik irten beharrik gabe. Arregi ez zihoan mundura, mundua zihoakion Erromara. Vatikano Irratiko albiste-arduradun zelarik, zitekeen informaziorik anitzena bere mahaian kudeatu behar izaten zuen, alegia: Txinako katolikoen egoera, Vatikanoaren harremanak Israelgo gobernuarekin, askapen teologiaren mugimendua, moral-kontuak, bioetika-eztabaidak, Ambrosiano Bankuaren afera, Ipar Ameriketako hainbat apaizen pedofilia, Aita Arruperen heriotza eta santutze-aldarria, Irlanda katolikoa eta IRA, ETA eta Ibarretxe lehendakariaren egitasmoa; Afrika beltza, Kuwait, Irak, Pekin, Kuba eta Balkanetako gatazkak… Guztiak ere gai konplexu samarrak, berez, eta zer esanik ez Vatikanoaren Servizi informativi centrali direlakoen ikuspegitik mundu guztian barrena.

Zertaz ez ote zekien Iñazio Arregik. Sekula ahotsik jasotzen ez zuen solaskide aparta, arnasa luzekoa; elkarrekin sarri suertatu arren, bizpahiru aldiz baino ez nuen izan otorduren bat elkarrekin partekatzeko aukera. Gogoan dut, opor-girotan etxeratu zen batean irrati-telebistako taldekideak bildu gintuela “huntaz eta hartaz” lasai hitz egite aldera, eta gutako baten batek galdetu ziola Vatikanoko “babel-giroaz”; jakinminez-edo, ea kolore, kultura eta hizkuntza guztien gainetik, jendea benetan desberdina ote zen ala, besterik pentsatu arren, denok ere uste baino berdintsuagoak.

Arregiren ihardespen-olatuen artean, besteak beste, erantzun batek txunditu gintuen erabat. Haren urtetako esperientziaren arabera, munduan barrena euren herriaz harrotxoen hitz egin izaten zutenak euskaldunak omen ziren; eta, aldi berean, baita euskaldunak ere, munduan zehar norberaren herriaz jendeak zuen iritziaz gehien arduratzen zirenak.

Hogeitaka urte geroago, Tourraren “Le Gran Dèpart” delakoaren inguruan Euskal Herriak bizi izan duen apoteosiak gogorarazi dit Iñazio Arregiren ustea: gu onenak, gu zaleenak, gu politenak, gu berdeenak, gu hautatuenak, gu eta gu, mortalak eta gu... zenbait ertzain telebista etxetik ikusten, euriak bustiko ote zituen beldur ziren bitartean. Nonbait, zirimiria galdu dugunetik herri hau ez da lehengoa.

Izan ere, aste honetan bertan, bizikletak gurean ziren artean, ETBk galdetu dio Mikel Lasa poetari zein ote den berak gehien arbuiatzen duen hitza. Eta gure poeta humanistarik eta intelektualik handienetakoak erantzun: “Nik gutxien onartzen dudan hitza, eta sekula erabiltzen ez dudana, zera da: keja”. Ai Mikel, zein zahar eta démodée geratzen ari zaren. Honezkero joanak dira zure garaiko emari poetikoak, egun da amaierarik gabeko eskari poetikoen aroa, non kexa den ezinbesteko ardatza.

Baina gatozen berriro Tourreko ikurrinen apoteosira. Egia esan, ez dakit zer dagokeen horrenbeste ikurrinen atzekaldean, baina beldur naiz, “El conquis”en horrenbesteko ikurrin-nahian bezala,  ez ote dagoen funtsean antzeko zerbait… konta ezinezko ordu galera, ikurrina nork eta noiz eskuratuko, jira eta buelta gurpil zoroan jarraitzeko, beti espaloitik begira, “esne"-aldarri antzutan, nork bere burua okupatua mantentzeko, ezer gutxitan amaitzeko.

Uztailaren 4eko El País egunkariak bost zutabeko burulerroaz ireki zituen kirol-orrialdeak: “El Tour regresa a la realidad”. Tourra ote errealitateaz jabetu beharreko bakarra?

1) Milan, 1965.

2) Loiola eta Herri Irratia, 1961-82

3) Eusko Irratia (Euskadi Irratia eta Radio Euskadi), 1982-1986

4) Vatikano Irratia, 1986-2003

5) Erromako Unibertsitate Gregorianoan

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: