Escudero maisuaren gutiziatxoa, San Telmoren ilunabarrean
“Mitoen Sinfonia” 1993 urtean burutu zuen Escudero maisuaketa urtebete geroago estreinako plazaratu zen Donostiako belodromoan, 2.000 haur kantarirekin. Konposatzaile zarauztarraren (nahiz jaiotzez donostiarra izan) hirugarren sinfonia zen –aurreko biak 1934 eta 1972koak— eta on Joxemiel Barandiaran zenaren omenetan burutua.
Hain zuzen, sinfoniaren sarrerako agurra Barandiarani berari artez arte eskainia da eta ondoko hiru mugimenduak, berriz, Lamina, Tartalo eta Mateo Txistu mito ezagunen oroitzapenetan egokituak.
Laminarena, Okabitxo leize inguruan gertatzen da, Lekeitio eta Markina bitartean. Tartalo euskal ziklopearen kontakizuna Barandiaranek jaso zuen hainbat urte luzetako etnografia-bildumetan, eta Mateo Txistu apaiz ehiztari amorratuaren galbidea, berriz, Euskal Mitologian.
Eraz eta moldez, zeharo ezohikoa da Escuderoren hirugarren sinfonia hau. Batetik, bederatzi musika-tresna (flauta, klarinetea, tronpeta, tronboia, pianoa, eskusoinua, biolina, biolontxeloa eta perkusioa) jartzen dituelako elkar-lanean. Bestetik, ahots zurientzat dagoelako bereziki prestatua, haur kantarientzat alegia. Eta, horrez gainera, musika-trenez eta kantariez gainera, tarteka-marteka, kontatzailea (primeran eta dotore, Andoni Aleman) sartzen duelako jokoan, guztia ere ez baita alferrik, funtsean, haurrentzat batik bat konposatutako “ipuin-sinfonia”.
Edozein iluntzetan estresak arintzeko moduko gutiziatxoa; bistan denez, aparteko harrobia (neskatoak mutikoak baino nabarmen gehiago) du Bilboko Koralak, eta, beti ere, berriketa gabeko eszenategia, gero, San Telmo.