Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Esaidazu ze gas darabilzun eta esango dizut ze etorkizun duzun

Esaidazu ze gas darabilzun eta esango dizut ze etorkizun duzun

Amatiño 2014/05/21 16:25
Ukraina eta Errusiaren arteko gatazkak iturburu asko ditu. Historiak, kulturak, hizkuntzak eta herri-nortasunak badute zer esanik. Baina baita energiak ere. Edo, hobeto esan, Errusiako gasarekiko ukrainar menpekotasunak. Energia-burujabetza gero eta estrategikoagoa da. Europa osoan. Baita Txinan ere, galdetu bestela Putini.

Orain hurrengo EVEk eta Enagasek inauguratu berri dute Bizkaia eta Kantabriaren arteko gas-hodia. Guztira 53 kilometro eskaseko lotura besterik ez, baina Euskal Autonomia Erkidegoaren “gas-mahaiaren” laugarren hanka indarrean jarriko duena. Euskal panorama erabat aldatu da azken 30 urteotan.

Ahaztu egin zaigun arren, 1982an, EAEren gas-kontsumoa energia-kontsumo osoaren %1 baino ez zen. Gasa Mediterraneoan zehar Algeriatik zetorren eta Bilbo zen, nolabait esateko, “cul-de- sac” delakoa, azken matazaren atzenengo muturraren ipurzuloa alegia. Aski zitekeen Cartagenan, Bartzelonan edo Zaragozan inork giltza ixtea, gu hemen nora ezean geratzeko.

Hiru hamarkadako estrategiaren ondotik, EAEren gas-kontsumoa guztiaren %39,8 da (petrolio-eratorriena baino gehiago, %38,7), eta honezkero lau dira euskal gas-azpiegiturarik handienaren besoak: Ebro haranean zehar Mediterraneotik datorrena; Akitaniarekin zubigintza egiten duen Euskadour sarea; Trinidad-Tobagotik, Nigeriatik eta Perutik itsasontziz Zierbenaraino iristen dena (hilero hiru metanontzi); eta, Kantabrian barrena, Portugalekin lotzen gaituena. Horrez gainera, erreserba gisa, Matxitxako parean itsaspeko “Gaviota” biltegia, espainiar Estatuko gas-erreserba estrategikorik handiena.

Hau guztia ez da, ez, ustekabean egin. Herritarren %90ek ez du gas-sarbidea etxean ezustean. Herria egiteko modu asko dago. Seguru asko kalez kaleko oihuak eta aldarriak ikaragarri eraginkorrak dirateke, baina energia-sare txukunik gabeko gizarteak nekez lortuko du ezelango burujabetzarik.

Galdetu bestela estatubatuarrei. Urbitsetan daude noiz Putinek Europari gasa moztuko (edo garestituko), euren merkatu berria alternatibatzat eskaintzeko. Hidro-hausturaz (fracking) hornitzen diharduten merkatu berria, hain zuzen ere... Ulertu nahi duenak, ulertu dezala.

Eta Europaren gas-etorkizuna erabakitzen den artean, Putinek eta Xi Jinping-ek hogeita hamar urterako ituna sinatu dute, Txinak errusiar gasa izan dezan. Estatu Batuek Europako merkatua dute amets, eta Putinek bezero berria aurkitu du, badaezpada.

Euskadour

Euskadour sarearen marrazkia, artean Zierbenatik mendebalderako laugarren "besoa" eraikitzeke.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: