Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Errua, lobby nuklearrarena

Errua, lobby nuklearrarena

Amatiño 2011/03/23 00:05
Eusko Jaurlaritzak 2002an burutu zuen Energia Eolikoaren Lurralde Egitasmoak 2010erako 624 MW indarrean jartzea zuen helburu. Epea amaitu baino urtebete geroago, haize-errotek eragindako indarra 153,5 MW besterik ez da, uste zenaren %25 baino ez. Baina, hori bai, hemen denok gara antinuklearrak, energia fosilen aurkakoak eta berriztagarrien aldekoak. Gora gu eta gutarrak.

Fukushimako erreaktoreen hondamenak energia nuklearrari buruzko ezbaia berpiztu du eta, bide batez, baita energia-eztabaida suspertu ere. Ondorioz, bada honezkero abagune honetaz baliatu nahi duenik ezein energia fosil darabilen zentral-mota txarresteko eta berriztagarriak aldarrikatzeko, haize-errotak tarteko. Ondo dago, jakina, energia eolikoaren sustapena eskatzea baina, aldarri hutsetan geratu beharrean behingoz haize-errotak jarriko bagenitu?

Euskal Autonomia Erkidegoko Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala 2002an onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, hainbat azterketa, eztabaida, aurkezpen eta adostasun-gurari luzeren ondotik. Gogoan izan harako Egitasmoa egiteko erabakia Eusko Legebiltzarrak hartua zuela bost urte lehenago, 1997ko martxoaren 20an.

Energia Eolikoaren lehen egitasmo harek 624 MW ekoizteko besteko haize-errotak jartzea zuen helburu 2010 urterako. Zehat-mehatz, 499 MW parke eolikoetan, 10 MW miniparkeetan eta 0,11 aerosorgailu txikerretan. Instalazio hauei esker 138.300 ptb (petrolio tona beste) saihestu nahi ziren.

Hala ere, orain arte EAEn eragindako energia eolikoa  153,5 MW bezainbat da. Hau da, 143,4 MW haize-errota handitan, 10 MW miniparketan eta 0,11 aerosorgailu txikerretan. Eraikitako parke eolikoak honako hauek dira: Elgea (26,9 MW), Elgea-Urkilla (32 MW), Oiz (34 MW), Badaia (34,5 MW) eta Bilboko Portua (10 MW).

Laburbilduz, Eusko Legebiltzarrak 1997an agindu zion Eusko Jaurlaritzari harako Egitasmo Eolikoa prestatu zezan. Baita Lakuak bost urtetan sekula izan den egitasmorik landuena, sakonena eta adostuena burutu ere. Geroztik beste bederatzi urte joan dira nahi zenaren %25 lortzeko. Iazko maiatzean, berriz, Eusko Jaurlaritza berriak bigarren egitasmo eolikoa lantzeari ekin zion.

Beste hamalau urte barru berriro hitzegingo dugu. Bitartean, petrolioa amaitu aurretik zer arraio egin nahi dugun behingoz asmatuko al dugu? Hori bai, urtero urtero, gure industria, etxe-bizitza eta garraiotako energia-kontsumoak gora egiten darrai. Seguru gero errua lobby nuklearrarena dela.


Elgea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: