Errore estrategikoak aitortu ala ez
Hemezortzi hilabetez Kataluniaren independentzia lortuko zela aldarrikatu zuen Artur Masek 2014ean. Zazpi urte geroago aitortu du: “hainbatek bagenekien ez zela horrela izango”.
Harako aldarria egin zen Bartzelonako Auditori Fòrum aretoan, non, Oriol Junqueras tarteko, Kataluniako “gizarte zibil nazionalista” guztiaren ordezkariak bildu eta Espainiatik alde egiteko haustura-plana aurkeztu zen, hotsandiz, komunikabideen aurrean.
Zazpi urte geroago, Masek aitortu du (larunbat gauez, TV3n) “errorea” izan zela. “Ez nuen gezurrik esan modu lizun edo borondatezkoan”, baina “gauza jakin batzuk puztu egin ziren”, eta “uneren batean ez zen errealismo dosi nahikorik egon”.
Are gehiago, Artur Masek adierazi du: (independentziaren aukera) “eskueran balego bezala azaldu zen, baina batzuek bagenekien hori ez zela hain horrela izango, hainbat zailtasun objektibo zeudelako, independentzia berehalako errealitate bihur zedin eragozten zutenak”.
Nekez bada ere erabateko parekotasunik, ezker abertzaleari ia bi belaunaldi joan zitzaizkion, estrategia armatuaz Estatua garaitzea eskueran zuelakoan, zailtasun objektiboak ukatzen, errealismoari muzin eginez eta gainerakoekiko errespetua zein giza-eskubideak hankapean.
Gernikako Estatutua onartu zenetik (1979) Aieteko konferentziaraino (2011) 33 urte pasatu ziren. Printzipio demokratiko, etiko eta moralez gain, gaur egun inork ez du zalantzan jartzen estrategia armatua errorea izan zenik. Eta, hartara, galdera zera da: zenbat urte egin ote zituen ezker abertzaleak errealismoari ez ikusi eginez, errore estrategikoaz jakitun, baina gelditzeko ausardiarik faltan, ETAk jendea hiltzen jarraitzen zuen artean? Beste modu batez esanda, zenbat lagun erail zituen ETAk, ezker abertzaleak garaiz ez erreakzionatzeagatik?
Hartara, Otegik bi gogoeta nabarmen egin zituen atzo, nahiz borroka armatua hitzez hitz aipatzeko adorerik ez erakutsi. Bat, Aietera beranduegi heldu izanaren aitortza. Eta bi, Aieten amaitu zenak eragindako "minak" (ez borroka armatuak) ez zukeela sekula hasi edo gertatu behar.
Hainbat dira, oraindik ere, ezker abertzaleari argitzeke, aitortzeke eta erantzuteke geratzen zaizkion arloak, baina jakinekoa da haren erritmoak, politikoak ez ezik, bitalak ere badirena. Errore estrategikoa aitortzea eta nork bere burua makillatzea beti izan dira zeregin geldoak eta zailak.