Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Erronkariko liburuxka horiztatuak

Erronkariko liburuxka horiztatuak

Amatiño 2020/06/12 09:00
Paradoxa bada ere, Erronkariko euskara ikasteko lehen liburua 1968an argitaratu zen. Ordurako galdua zen erabat Bidankozen, Garden eta Burgin; lau eta sei urte geroago, berriz, Urzainkin eta Izaban, hurrenez hurren. Agonia amaitu zen 1991an., azken uztarroztarra zendu zenean. Benetan mortala izan zen XX. mendea Erronkariko “uskararentzat”, ehun urte lehenago sekula baino hiztun gehiago izatera heldua zen arren.

Hain zuzen ere, hiztunak galdu ahala, bere azken urteetan ezagutu zuen erronkarierak inoiz aurretik izan ez zuen oihartzuna. Hainbat liburu, liburuxka, eta aldizkaritan, lehenik, komunikabideetan, gero, eta gizarte-saretan, azkenik. Gaur egun inoiz historian baino entzule gehiago izan ditzake Erronkariko “uskarak”. Interneten sartu besterik ez dago.

Liburu zaharrak ordenatzen orduak eta orduak gustura eta oharkabean joaten diren arren, liburuxka, gida, kaier eta agiri erdigalduekin topo egiteak ere badu bere grazia. Elkarrekin ezkondu nahian, hona lau, zein baino zein horiztatuagoak, mende erdi baino gehiago dituztenak:

-- RECUERDO DE ERRONKARI, SALAZAR y NABASCUÉS (Editorial Auñamendi. Donostia, 1966). Hirurogei orrialde eta ehun argazki inguruko liburuxka da, gidaliburu gisa moldatua, hainbat oinarrizko datuz, hiztegiz eta kantaz.

-- ERRONKÁRI’ko USKARA (Editorial Auñamendi. Donostia, 1968). Erronkariko euskaraz oinarri-oinarriz ikasteko esku-liburua. Arau orokorrak, hiztegia, esaldiak, aditzak, kantak, testuak eta atsotitzat. 120 orrialde.

-- COPLAS RONCALESAS DE LA TIA MARTINA (Editorial Auñamendi. Donostia, 1968). Martina Lasaren (Izaba, 1891- Donostia, 1985) koplak, gaztelaniaz gehienbat, zenbait euskal hitz eta esaldi tarteko.

-- EL VALLE DE RONCAL (Temas españoles. Madrid, 1959). Hogeita hamar orrialdeko historia-liburuxka, José María Iribarrenen sarreraz eta Miguel Arazurik Julian Gaiarre zenari eskainitako epilogoaz. 

Erronkarigomuta
1966ko gidaliburua

Estornés Lasa anaien lana

Uztarrozeko Fidela Bernat izan omen zen, Erronkariko uskaraz hitzegin zuen azken erronkaritarra. Iruñean hil zen, 1991an. Hamazazpi urte lehenago, 1974an., galdua zen erronkariera Izaban, Antonia Anaut-en heriotzarekin batera. Eta bi urte lehenago, 1972an., Urzainkin, Maria Ezker zendu zenean.

Hiru azkenak emakumeak izan ziren eta ez, soilik, emakumeak luzaroago bizi ohi direlako, baita ere, Erronkariko emakumeak gizonezkoak baino gehiago hitzegiten omen zutelako euskaraz. Nonbait, emakumeak Zuberoara joaten  ziren “espartiñak” egitera eta gizonezkoak, aldiz, Aragoi aldera, artzain.

Ezin esan, ordea (ezta kontrakorik ere) erronkaritarrak inoiz jabetu ote ziren baliozko ondarerik galtzen ari zirenik belaunaldiz belaunaldi. Batetik emakumeak zirelako gehien erabiltzen zutenak eta, bestetik, euskara galdu arren ez zelako inor ez mututu eta ez behartsuago bilakatu.

 Luis Luziano Bonaparte printzea Erronkarin zehar ibili zenean (1866) bertako euskalkia biltzen, Mariano Mendigatxaren laguntzaz,  2.900 euskaldun bizi omen ziren haran guztian. Jakina da Julian Gaiarre tenorrak gutuna (ikus barren-barrenean) idatzi ziola erronkarieraz bere izekori, 1884an, konturik normalena bailitzan. 1935an Pablo Fermin Irigarayk* egindako ikerketaren arabera, aldiz, 600 lagun inguru baino ez ziren euskaldunak.

Koplak
Martina Lasa, 1891-1985

Gaur egun badakigu Luis Luziano Bonaparte printzeari gehien ardura zitzaiona ez zela euskara salbatzea, euskalkien arteko berezitasunak ahalik eta gehien nabarmentzea baino. Eta, zentzu honetan, erronkarierak erabateko garrantzia zuen, berez baitzen berariazko euskalkia.

Ehun urte pasatu behar izan ziren, José Estornés Lasa izabarrak euskaldunberritu eta “Erronkari-ko Uskara” (1968) argitaratu zuenerako. Ildo beretsutik saiatu ziren Bernardo eta Mariano anaiak ere, senitartean sortu zuten Auñamendi Editoriala tarteko.

 

                                        ...ooo000ooo...

 * Fermin Irigaray (1869-1949), "Larreko"  euskal idazlea. Aingeru Irigaray  (1899-1983) "Apat Etxebarne" ikertzaile, idazle eta euskaltzain izan zenaren aita eta Jose Angel Irigaray (1942) idazle eta poetaren aitona.

Gaiarreren gutuna
Ene tia Juana maitia: Eugenia sin (etorri) da arro ongui. Quemen (hemen) gaude anisco ongui guziac eta ori (berori) nola dago?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: