Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Erronkarik handiena: errepideetako mugikortasuna

Erronkarik handiena: errepideetako mugikortasuna

Amatiño 2015/12/19 16:15
Ondo dago energia berriztagarriak hitzetik hortzera aipatzea baina, iragarpen guztien arabera, hegazkinek eta itsasontziek energia fosilez jarraitu beharko dute baliatzen hurrengo bizpahiru belaunaldietan eta, sektore guztiei betearaziko zaien energia-eraginkortasunaz gainera, erronkarik handienetakoa –Europar Batasunean, behintzat— mugikortasuna da: gu gehienon egunerokotasuna.

Beheko argazki biak kale berekoak dira. New York-eko Bosgarren Etorbide ospetsukoak. Lehena, 1900 urtekoa; bestea, 1913koa. Aurrenengoan agertzen diren ibilgailu guztiak zalgurdiak dira, zaldiz tiratuak. Bigarren argazkiko ibilgailu guztiak, aldiz, berebilak dira, erregai-motorrez ibilaraziak. Nekez gero, adibide nabarmenagorik, hamahiru urte eskasean gertatu zen iraultza antzemateko.

Quinta-avenida-1900

New York-eko Fifth Avenue, 1900 urtean. Ibilgailu guztiak, bat izan ezik antza, zalgurdiak. Berebil bakarra, ezkerretik hasita, bosgarrena.

Quinta avenida 1913

 Hamahiru urte geroago, berebilen kalejira, Bosgarren Etorbidean zehar: The American Dream.

Argazki biak alderatuz gero sumatzen den aldaketa hori ez zen dekretuz gertatu, gobernuaren aginduz edo industriak derrigortuz, gizarte osoak egokiagotzat, erosoagotzat eta eraginkorragotzat jo zuelako baino. Kontua da, orain, ehun urteren buruan, zelan sistema horri buelta eman. Eta, nago, hiritarrek ez dutela buelta horretan benetako protagonistak izan nahi, inoren bizkarreko aldarrikatzaile hutsak baizik.

Parisen klima-aldaketaz izan berri den gailurraren ondotik, nk ez dut esango bertan bildutako berrehun inguru herrialdeetako legebiltzarrek eta jaurlaritzek zer egiterik ez dutenik, baina erabat kezkatzen nau sumatzeak hiritarrok uste dugula egin beharreko guztia “besteen” eginkizuna dela.

Urrutiegi joan gabe, nik ez dut esango euskal hiritarrok arduratzen ez garenik ingurumenaz eta klima-aldaketaz, baina uste dut artista samarrak garela norberaren erantzukizunak gure larrainez kanpo uxatzen. Bai, segurutik karbono-aztarrenari muzin egiteko garaia da, baina ez da batere erraza izango energia nuklearra ukatu, haize-errotak trabatu eta trena geratuez gero. Onenean ere, badirudi badakigula zer nahi ez dugun. Ez dago, ordea, horren argi, zer nahi ote dugun.

Seguru gero industriak isuriak murrizten jarraitu beharko duela –gero eta gehiago, gainera--, baina urteak joan eta urtea etorri jarraitzen dugu aitortzeke, gurean, etxeko lanak inork egin baldin baditu, industriak egin dituela, eta kunplitzear jarraitzen duen eginbeharrik larriena errepideetako garraioa dela.

Inork ezagutzen al du auto elektrikorik erosi duen inor?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: