Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Erromatik Garaira, Madrilen eta Bilbon barrena

Erromatik Garaira, Madrilen eta Bilbon barrena

Amatiño 2023/04/07 23:30
Garaiko Valentin Zubiaurre musikagileak ez zuen sekula amestu ere egin, berak bekaz burutu zuen “Pasioa” zazpi aldiz kantatuko zenik, hamabost egunetan, Erroman, Madrilen, Bilbon eta Garain bertan. Horra non, 150 urte geroago, estreinako zabaldu den mundura, Bilboko Koralaren eskutik, Enrike Azurzaren zuzendaritzapean, Ana Otxoa, Beñat Egiarte, Julen Garcia eta Juan Laboreria bakarlariak barne.
Erromatik Garaira, Madrilen eta Bilbon barrena

Valentin M. Zubiaurre*

Valentin Maria Zubiaurre Urionabarrenetxea (1837-1914) mutikoak 8 urte baino ez zituen Nicolás Ledesma maisu handiak Bizkaiko tiplerik onenatzat hautatu eta haren musika-prestaketaz arduratzea eskaini zienean guraso baserritarrei.

Ez zuen gazteak abagunerik alferrik galdu. 15 urte bete orduko Santurtziko parrokiako organo-jolea zen eta, bederatzi urte geroago, Hilarion Eslaba maisu nafarraren ikasle, Madrilgo Kontserbatorioan.

1873an. berriz, Erromako Arte Ederretako Akademia Espainiarraren lehen beka irabazi eta berehala zen goi mailako musikagintzan Erroman, non beste hainbat erestiz gainera, San Mateoren araberako Jesukristoren Pasioa konposatu zuen. Hain zuzen, mende eta erdi geroago beka eman zion Akademia berberak ospatu nahi izan duena, ez baita alferrik, adituen iritziz, “hemeretzigarren mendeko musika sakroaren konposiziorik onenetakoa”.

Erroma, Madril, Bilbo, Garai… edozein leku da gero aproposa euskal erlijio-musika ahaztua gogorarazteko, baina, horratik, Erromako San Pedro batetik, eta Garaiko San Juan bestetik, ez dira inondik ere hutsaren hurrengoak. Bilboko Koralaren gerenteak, Iñigo Alberdik, Erroman bertan adierazi bezala “aspaldidanik jardun izan dugu sekulako ohore eta opari hau prestatzen”, garrantzitsua delakoan “euskal musikagile handien lanak berreskuratzea”, beti ere “zentzu handia du-eta musika ahaztuari bizitzeko aukera emateak”.

Besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Eresbilen laguntzaz bideratu ahal izan den “zentzua”. 

Bilboko Korala Garain
Bilboko Korala, Garaiko San Juan elizan, apirilaren 1ean.

 

*Valentin Maria Zubiaurre 1878an ezkondu zen Bergarako Mari Paz Agirrezabalarekin. Hiru seme-alaba izan zituzten, Valentin eta Ramon semeak, biak gorrak eta pintore ezagunak; alaba, berriz, Pilar,  gomutarik merezi duen feminista aurrendari eta intelektuala, aski ezezaguna.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: