Erromaren aztarrenak
Subprefekta, XIX. mendeko legeria, funtzionarioak hautetsiari agindu beharra… bada honetan guztian giro zaharkitu samarra. Ez dut nik Frantziako Errepublika sakratuaren demokrazia zalantzan jarriko baina, horratik, zein kutsu geldoa darion guztiari!
Berrogeita hamar urtetik beherako “gazteek” ez dute segurutik gogoan izango, baina horrek guztiak oroitarazten dit niri frankismoaren garaian espainiar probintzietako gobernadore zibil ahalguztidunen jarrera.
Iparraldeko germaniarren eta anglosaxoien europar tradizioan ez bezala, hegoaldeko latin herrietan indarrean jarraitzen du oraindik erromatarren inperioaren eskolak. Probintziak (pro vincia, garaipenez alegia), gobernadoreak, prefektoak, subprefektoak eta inork hautatu gabeko gainerako sasi-agintemakilak.
Espainiar demokrazia zein Gernikako Estatutuaren eskuduntzak ez dira gero eredugarrienak izango, badute segurutik zertan hobetu, baina, ezin uka behintzat, Bidasoaz honaindi nekez uler genezakeela, honezkero, Paueko prefekta edo Baionako subprefekta bezalako agintari zuririk.
Bai, badakit gurean Espainiako Gobernuaren Ordezkariak dirauela oraindik ere eta, horrez gainera, hiriburu bakoitzeko badirela, hor nonbait, nolabaiteko "ordezkari-orderen" batzuk. Baina, inork ezagutzen al ditu?
Beste modu batez esanda, ba al daki inork nor den, esaterako, Gipuzkoako "subprefekta"?
Erromako inperioak ez zuen germaniar herrietan eraginik izan, eta anglosaxoiak V. mendetik aurrera Britainiara heldu ziren germaniarrak dirateke. Europar tradizio bi, alegia.