Erridikulua egitearen beldur
Segurtasuna bermatzeko aireportuetan gorputz-eskanerrak jartzeko erabakiak bazterrak asaldatu ditu, gorputz-eskanerrok gizabanakoaren askatasuna eta intimitate-eskubidea hausten dituztelakoan.
Nik ez dut sekula pentsatu X izpiz plakak atera izan dizkidan erradiologoak edota nere prostata ukitzeraino atzamarra sartu behar izaten didan urologoak nere askatasunari eta intimitateari erasaten dienik. Batetik, ni neu neure borondatez joaten naizelako eta, bestetik, ez zaidalako inondik ere inbidiagarri iruditzen ez baten ez besteren lanbidea. Pentsatzea ere hainbat ordu luzetan inoren “zombiak” ikusten egon behar duen mugetako funtzionarioak lan horri gustua hartuko dionik…
Jende gaixoa nonahi dago eta, C+ telebista-katearen audientzia-datuek nabarmen asko frogatzen dutenez, gezurra dirudien arren bada hainbat ikusle film pornografiko kodifikatuei begira hainbat minutu gelditzen dena… batere deskodifikatzailerik eduki ez arren. Aldi berean, segurutik beti egongo da funtzionario sutsuren bat demaseko irudipenari amain eman gura izango diona, nahiz eta sekula asmatu ez hogei segunduro pantailatik pasatzen zaion bidaiari bakoitza nor arraio den, ezta zein arrazatakoa ere. Irudi horien grabazioek balizko eskabiderik izan dezaketenik ere merkatuan ez da sinesgarri, are gutxiago agiri-agiriko biluziak honen eskuragarri diren gizartean.
Polemika honen baitan mendebaldeko kulturan larrugorritan azaltzeak sortarazten duen neurri gabeko lotsa dago. Norbaitek esana da, mendebaldeko eta ekialdeko kulturen arteko diferentzietako bat biluztasunarekiko jarrera ezberdina dela. Ekialdean, gizonak eta emakumeak elkarrekin biluzik bainatu daitezkeen arren, sekula ez dira ordea pertsonak biluzgorri agertzen pinturetan eta eskulturetan. Mendebaldean, aldiz, ez gara elkarrekin biluzik bainatzeko gauza baina, hori bai, pinturetan eta eskulturetan, nahi beste.
Hau da, jendeak sumatzen du eskanerrean agertzen den gorputz lausoa mugitu egiten dela, ez dela irudi hutsa, bizirik dagoela, norberaren arima daramala alegia, eta beldur da nonbait. Ez intimitatea galtzearen beldur, erridikulua egitearena baino. Eta erridikulua norberaren baitan dago, ez inoren begietan.