Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / 'Erresuma/Kingdom/Reino', euskal antzerkiaren mugarri berria

'Erresuma/Kingdom/Reino', euskal antzerkiaren mugarri berria

Amatiño 2022/02/16 00:50
XV. mendean (1455-1487), Ingalaterran jokatu zen “Bi Larrosen gerra”, zeinean Rikardo II.aren eta Rikardo III.aren erregealdien artean –Henrike IV.a, Henrike V.a eta Henrike VI.a tarteko-- sekulako guduak gauzatu ziren, Lancaster (larrosa gorria) eta York (larrosa zuria) etxeen artean, erregetzaren koroa nork bere buruan jarriko.
'Erresuma/Kingdom/Reino', euskal antzerkiaren mugarri berria

Calixto Bieito

Etenik gabeko liskar, borroka edo mokoka odoltsu haiek nobleen eta unean uneko erregearen jarraitzaile hurbilen artean baino ez izan arren –-herritarrek eguneroko zereginetan zirauten bitartean-- gogotik bortitzak, latzak, sarraskitsuak eta erruki gabeak gertatu ziren.

Jende arruntak nekez ikusi eta inoren ahotik baino ezagutu izan ez zituen istorioek -- erdi gezur, erdi egia— mendez mendi iraun dute geroztik oraintsu arte ingelesen memorian, eta agintaritzan zeuden handikien tragedia haiek Shakespearek jaso zituen inork jasotzekotan,  "indarkeria eta poesia elkarrekin" bilbatuz.

Kontakizunon sintesia (eraz eta moldez, gaurkotze zeharo libreaz) antzerkiratu du Calixto Bieitok (testua, eszena-eremua zein zuzendaritza) eta euskal bertsioa Bernardo Atxagak gaurkotu, Bedita Larrakoetxeak (Zeanuri, 1894 - Oñati, 1990) 1970eko hamarkadan egindako itzulpenaren egokitzapen poetikoaz.

Ez da gero erraza honako 30 lerrootan Arriaga Antzokian estreinako aurkeztu saioa ulertaraztea. Lehenik eta behin, kalifikaziotan sartzeke, Calixto Bieitok moldatutako ikuskizunak ezustean harrapatzen du ekineratik,  noraezean bertaratutako ikus-entzulea, eta talka egiten du hasi bezain laster: harridura (zer da hau!), erreparoa, probokazioa, erosotasunik eza, morboa, indarkeria eta barne-muinetako kilika, zirrara eta herra, higuina eta gozamena, arbuioa eta erakarpena, sentsazio gazi-gozoa eta, zer gerta ere, gehiago jakin eta ikusi nahia. Benetan ezohikoa eta ausarta. 

Etenik gabe, 105 minutu, ezer gutxi aldatzen den eszenatoki bertsuan, hamar-hamaika lagun elkarrekin, egungo eraz jantziak, itzelezko erritmoan, nor bere gisara sarri, dena ezusteko-edo, gertakari paralelotan, jakineko haririk ez balego bezala. Beti ere ikuslea aho zabalik… halakoren batean argia amatatu eta txalo-zaparrada entzun arte. Katartiko samarra.

Nolabaiteko kalifikaziotan, berriz, testua izugarri landua, landurik bada, hainbatean haria galtzeko arriskua nabarmena den arren. Ez mintzoaren erruz, zenbait pasarteren esangura sakonaren eta antzezlarien abiada bortitz eta lasterraren (Eneko Sagardoy!) ondorioz dena barneratu ezinez baizik.

Primerakoa, gero, hamaika laguneko aktore-andanaren antzezlana: Joseba Apaolaza, Luzia Astigarraga, Ylenia Baglietto*, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñaki Maruri, Koldo Olabarri, Lander Otaola, Eneko Sagardoy eta Mitxel Santamarina, José María Pou, ingelesez, tarteko. Hala ere, aukeran, operatan bezala, pertsonaien argibideak edota nor-nor delako zerrendatxoak ez liokete inori kalterik egingo.

Gehiago edo gutxiago gozatu, nago, Erresuma/Kingdom/Reino delako mugarri honekin euskal antzerki-sektorea mailaz goratzen dela, ez baita alferrik ekoizpena Arriaga (Bilbo), Español (Madril), Principal (Gasteiz), Victoria Eugenia (Donostia) eta Muxikebarri (Getxo) antzokien elkar-lana izan. Bide honetatik, onurarik baino ezin zaio eratorri euskal antzerkiari, antzez-lanbideari, zalegoari eta euskarari berari dagokien aldetik.

 

All the world's a stage.

And all the men and women merely players.

They have their exits and their entrances.

William Shakespeare

 

*.Ylenia Baglietto, eibartarra, 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: