Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Errespontsua

Errespontsua

Amatiño 2021/02/12 18:55
Azken sei-zazpi hamarkadotako adiskidea zendu zaigu. Ez du Covid19ak eraman, baina bai, ordea, han-hemenka sakabanatutako lagunok pandemiak berak elkartarazi, non-eta, ohiko elizkizunik ezinean, errespontsu apalaren inguruan. Errespontsua… hauxe, gero, aspaldikoa.

Errespontsua hilen aldeko otoitza da, kristau-doktrinaren nomenklaturan. Euskal Herri guztian, mutur batetik bestera, lau mendetan zehar, nabarmen zabaldu eta oraindik indarrean dirauen adiera.

Ezelan ere, Elizak ez ditu egun bizi garairik onenak  baina, terminologia horren laginen batek irauntzekotan, agian errespontsuak samurrago bataioak baino, ez baita alferrik hileta elizkizunik onetsiena fede askorik gabeko adinekoentzat... bizitza guztian infernua ukatzen aritu ostean, hitzordu erabakigarrian egia bilakatuko ote den beldur-edo. Aizu… zer gerta ere, badaezpada, batek daki!

Gatozen errespontsura. Jatorriz, errespontsua izan zen, elizako lehen eresietan, apaizak kantatutako bertsoari herriak eman beharreko erantzun-leloa. Isaac Watts (1674-1748) teologo eta ereserki-konposatzaile ingelesak biziki sustatu ei zuen call and response formula hau, baina, aurretik, metodista galestarrek Ipar Ameriketan eragindako joera izan zen, esklabo beltzek –Afrikatik soinean eramandako erritmoak tarteko-- eurenganatu zutena, eta hartatik eratorriak dira gospela, soula eta gainerako “beltz espiritualak”.

Auskalo, guztia ere, zenbaiterainoko egia ote, baina, euskaraz behintzat, harako Isaac Watts ereserkigilea jaio aurretik aipatu ziren errespontsuarenak Joanes Haranbururen Devocino escuarra, mirailla eta oracinoteguia delakoan (Bordele, 1635).

Hurrengo mendean, Manuel Larramendik jaso zuen adiera berbera (erresponso, ilotoitza) bere hiztegian (1745); baita erabili ere Agustin Kardaberazek San Ignacio Loyolacoaren exercicioetan. Ildo beretik, Jean Hiriart-Urruti lapurtarrak baliatu zuen XIX. mendean eta, hurrengoan, ostera, Joxe Miguel Barandiaranek Zeraingo etnografia-ikerketetan aipatu. Eta edozenbat gehiago, jakina, mendez mende. 

Gaur egun, berriz, idazle arras berdinezek darabilten hitza da, errespontsua errespontsu delako ezin bestean, garizuma garizuma eta pazkoa pazko diren bezalaxe.   Hain zuzen,  kalean dauden hiztegi guztietan arrunt asko agertzen den hitza da errespontsua, nahiz arestiko belaunaldietako  Azkuek (1906), Lhandek (1926) edo Toribio Etxebarriak (1965) ez jaso.

Jatorria, nonbait, latinezko “responsum” da. Antzeko samar ingelesez (response), frantsesez (réponse) eta okzitanieraz (responsa). Beste multzo batekoak, berriz, italieraz (risposta), katalanez (resposta), galizieraz (resposta), portugaleraz (resposta) eta espainieraz (respuesta). XVI. mendeko euskaraz, ostera, respostu, Etxeparek zerabilenez. XVI. mende hartan asmatzeke zen, anartean, errespontsu izeneko kanta-mota.

Sortzez kanta izan arren, gaur egun, Euskaltzaindiaren arabera, errespontsuak ez bide dira abesten, egiten edo ematen, esaten baizik. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: