Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Erresilientziaren erronka

Erresilientziaren erronka

Amatiño 2010/03/10 16:21
Zer egin argia joaten denean komunikazioek eta sistema informatikoek indarrean jarraitzerik izan dezaten? Zer asmatu ohiko edozein trafiko-mota ezinean geratzen denean beste aukeraren bat izateko? Zer burutu gainbehera etorritako eraikinen azpian gelditzen diren pertsonen berri jakitzeko? Zer bideratu larrialdi horietan zer jan eta zer edan falta ez dadin? Horra erresilientziaren erronka.

Tsunamiek, lurrikarek eta bestelako natura-hondamendiek indarrean jarri dute erresilientzia hitza. Jatorriz, latinetik datorren hitza, resilire, atzera egin, lehenera itzuli, lehengo lepotik jarraitu ahal izan. Oinarriz,  fisikan landutako ideia da, alegia: hainbat presio handi jasan ostean materialek lehenera itzultzeko duten gaitasuna. Psikologian ere erabili ohi da, egoera eta zailtasun latzak gainditzeko pertsonek duten ahalmena adierazteko. Eta, ildo beretik, gizarte-zientzietan, hainbat hondamendiren ondotik burua altxatzeko herriek izan dezaketen adorea.

Bada, berriz, laugarren zentzurik. Izan ere, tsunamiek, lurrikarek eta gainerako sarraskiek eragin ohi dituzten hondamendietatik ateratzeko bizkortasunari dario erresilientzia hitzaren zentzu berria.  Hau da, bere azpiegiturak, eraikuntzak, zerbitzuak, antolamendu-sistema eta ohiko bizimodua bat-batean alferrik galtzen dituzten gizarteek ustebako gainbeherada horretatik lehenbailehen irtetzeko prestakuntza. Eta prestakuntzak aldez aurretik prestatu izana esangura du.

Nolabaiteko adibideren bat jartzekotan, post hau irakurtzen diharduzun zuk zeuk ez duzu inondik ere uste bat-batean  argia joango zaizunik. Baina, joango balitzaizu, zein litzateke zure erresilientzia-maila? Sukaldeko kajoi-zuloren batean duzun kandela?  Piladun linternaren bat, behar bada? Gas-iturri aproposen bat, agian? Guzti horrek baliagarri litzaizuke oheratzeko eta, behar bada, baita libururen bat irakurtzeko ere. Baina, ordenadore aurrean jarraitzeko gutxienik argindarra eragingo lukeen makina elektrogenoa beharko zenuke.

Segurutik zure etxean ez dago argia joaten den kasuetarako seinale fluoreszenterik, ezta eskailera-buruan ere. Baina bai, ordea, zinemetan, antzokietan eta areto publikoetan; bai harmailetan eta baita kanpora ateratzeko ate-gainetan ere. Legez derrigortuak gainera. Segurtasunaren izenean gogoan izan beharreko erresilientzia-betekizunak dira.

Bat-bateko istripu garauek frogatzen dute gure zibilizazioak eraikitako azpiegiturak zein ahulak diren. Baina ez eraikuntza fisikoak erraz asko birritzen direlako soilik, baita birrinketa horrek sortarazten duen anabasetik ateratzeko eta lehengora itzultzeko mortalak eta bi egin arren urteak behar ere behar izaten direlako. Horrelakoetan, gure gizarte garatu honen erresilientzia ia hutsaren hurrengoa da.

Beraz, zer egin argia joaten denean komunikazioek eta sistema informatikoek indarrean jarraitzerik izan dezaten? Zer asmatu ohiko edozein trafiko-mota ezinean geratzen denean beste aukeraren bat jakitzeko?  Zer burutu gainbehera etorritako eraikinen azpian gelditzen diren pertsonen berri izateko?  Zer bideratu larrialdi horietan zer jan eta zer edan falta ez dadin? Horra erresilientziaren erronka.

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: