Erregai fosilen iraultza
Barreneko grafikoak aisa adierazten du zertan diren munduko petrolio-erreserbak. Urdinez, oraintsu arteko ohiko petrolio arrunt edo konbentzionalak. Urre-kolorez, berriz, Estatu Batuetan (arbeletan) zein Kanadan (betun-hareetan) aurkitu diren petrolio-erreserba berriak, teknologiari (haustura hidraulikoa edo hidro-haustura) esker ustiatu ahal izango direnak.
Nire ama zenak erositako Geopolítica de la energía (Salvat, 1964) liburuak zera zioen eta dio oraindik ere: "Las reservas de petróleo conocidas sólo podrían asegurar la producción al ritmo actual durante 25 años". Geroztik, kontsumo-erritmoa handitu arren, petrolio-erreserbak ez ziren iragarri bezala 1989an ahitu, gehitu baizik. Eta ez Salvat tronpatu edo atzipetu zelako, "reservas conocidas" delako kontzeptua erabat aldakorra delako baino.
Hain zuzen, berrogeita hamar urte geroago Energiaren Nazioarteko Agentziak 2006an kokatu zuen petrolio-erreserben goieneko maila baina, paradoxa bada ere, ez zituen kontuan hartu azken zortzi urteotan aurkitu diren arbel eta hareetako petrolio-erreserbak. Adibidez, 2006an Saudi Arabia zen petrolio-ekoizlerik handiena; 2017an, ostera, Estatu Batuak izango dira.
Panorama berriak oraingo indar-oreka aldatuko du. Bi dira, barrena, arrazoi nagusiak:
1. Orain arteko petrolio-erreserbarik handienak kontsumo gutxiko herrialdeetan zeuden kokatuak gehienbat, eta kontsumo handiko herrialde garatuek ez zuten behar beste petroliorik. Erreserba berririk gehienak, aldiz, herrialde aberatsetan daude orain. Egungo indar-korrelazioa eta geopolitika erabat mutatuko dira, eta ekonomian zein politikan eragin nabarmena izango.
2. Estatu Batuak, inportatzaile handia izatetik esportatzaile ahaltsu izatera pasatuko da. Industria amerikarrak kontsumituko duen energia Europakoa baino dezente merkeagoa izango da, lehiakorragoa alegia, europar industriaren kaltetan.
Eta petrolioaz ez ezik, baita gasaz ere. Estatu Batuak 2015an izango dira munduko gas-ekoizlerik handienak. Guri, ostera, hogeiren bat urte joango zaizkigu eztabaidatan eta, bitartean, guk Araban erabili nahi ez dugun hidro-hausturaz lortutako erregai amerikarrak salduko dizkigute.
Urdinez, oraintsu arteko petrolio-erreserbak. Urre-kolorez, Ipar Ameriketako egoera berria. Abagune horri haustura hidraulikoa zaio izena.